Alproja taldeak hasiera emango dio gaur Zarauzko Nazioarteko XIV. Kale Antzerki Topaketari
Zarauzko kaleak antzoki bihurtuko dira gaurtik aurrera, eta bederatzi konpainiak beste hainbeste antzezlan emango dituzte larunbata bitartean egingo duten Kalerki 2007, XIV. Kale Antzerki Topaketan.
GARA | ZARAUTZ
XIV. Kalerkik nazioarteko ukitu nabarmena izango du. Izan ere, Euskal Herriko konpainiek ez ezik, Kataluniako, Gaztela eta Leongo, Italiako, Britainia Handiko, Estatu frantseseko eta Argentinakoek ere hartuko dute parte. Guztien artean, kaleko antzerkiak egun bizi duen gorakada azalduko dute.
Zarauzko bertako Alproja taldeak emango dio hasiera gaur Kalerkiri. «Aurki» lana antzeztuko du arratsaldeko zazpietan Kale Nagusian, Musika plazan eta Foruen Plazan. «Bidaia hastera doa, zer aurkituko dute? Galderak, galderak, galderak...», honela aurkezten dute zarauztarrek eman behar duten lana.
Ordubete geroago, Los Gingers konpainia katalanak «Perlas y Plumas» emango du Lege Zaharren Plazan, eguraldiak laguntzen badu, eta Gaztelekun, euriak hartara behartzen baldin badu. Dantza, musika eta glamourra uztartzen ditu «Perlas y Plumas»ek.
Gaueko hamaiketan, Valeria Guglietti argentinarrak hartuko du txanda «No toquen mis manos» lanarekin, Santa Maria parrokiaren atarian. Ikuskizun horretan, zinema mutuak eta itzal txinatarrek bat egiten dute. Txotxongiloak, musika eta komikia ere hor dira.
Bihar, arratsaldeko zazpietan, Malekoian (Lizardi antzokian, eguraldiaren arabera), «Teatrino fei piedi» antzetuko du Veronica Gonzalez italiarrak.
Eguneko egitarauari Trapu Zaharrak eta bere «Visa Vis» lanak emango diote segida 20.30ean, Foruen Plazan. Aingeru Guardakoa izeneko banketxeak finantza-merkatura produktu bitxi bat aterako du: esperma gordetzeko aukera.
Gaztela eta Leongo Alkimia 130 konpainiak emango du eguneko azken antzezpena, gaueko hamabietan, Munoan, «Alma candela... calor humano» izenburupean.
Bukaera, Munoan
Larunbatean, Gaztela eta Leondik datorren beste talde baten txanda izango da. MS Teatrok «Urban Safari» antzeztuko du, Zigordia kalearen eta Musika plazaren artean, arratsaldeko zazpietan. Emanaldi horren ostean, 20.30ean, Britainia Handiko Abigail Collins-ek «Une femme exposee» lana emango du Torre Luzean, eguraldiak laguntzen baldin badu, eta, bestela, Gaztelekun.
Aurtengo Kalerki topaketei amaiera emateko Estatu frantseseko Friches konpainiak «Mephistomania» antzezlana egingo du Munoan, gaueko hamabietatik aurrera.
Estatu frantseseko Friches konpainiako deabruek, su eta ke, infernu bihurtuko dute Zarauzko Munoa XIV. Kalerkiren amaiera-ekitaldian.
Ekimena: Kalerki 2007, XIV. Kale Antzerki Topaketak.
Lekua: Zarauzko kale eta plazak.
Egunak: Uztailaren 5ean, 6an eta 7an.