«Euskararen etsaiek» oporrik ez dutenez hartzen, EHEk mobilizatzeko deia egin du
Udan eta jaietan ere euskararen normalizazioa erdiesteko borrokan jarraitzeko premia nabarmendu du Euskal Herrian Euskaraz-ek. Beste ekimenen artean, Baionako eta Iruñeko jaietan mobilizazioak egingo ditu.
Arantxa MANTEROLA |
Uda-sasoiarekin batera iritsi diren herrietako bestetan ere, euskararen aldeko borrokan euskaltzaleek ezin dutela atsedenik hartu adierazi zuen atzo, Baionan, EHEk, «euskarak pairatzen duen zapalkuntza egoera bere horretan mantentzen» delako.
Oraindik ere, etengabeko urraketa horren lekuko ugari dagoela nabarmendu zuen, eta hainbat administraziok askotan egiten duten hizkuntz politika euskararen aurkakoa dela adierazi zuen Nestor Esteban herri-mugimenduko kideak. Hizkuntza normalizatzeko eta herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko, euskara lurralde osoan ofiziala izatea ezinbestekotzat jo zuen EHEko ordezkariak.
Euskararen «kontrako jokaeran ikur nagusiak, baina ez bakarrak» hurrenez hurren Iruñeko eta Baionako auzapez Yolanda Barcina eta Jean Grenet direla esan zuen Estebanek: «Barcina andereak gidatzen duen Herriko Etxea aitzindari da euskararen aurkako politikan. udal horretan, lotsa izpirik gabe, araudiak bere nahietara moldatzen dira».
Grenet «jakobinoa»
Jean Grenet, berriz, ez dela «atzean geratzen» adierazi zuen: «Bere jarrera jakobinoak gaina hartzen dio eta hitzez aniztasunaren alde dagoela behin eta berriz esan arren, ekintzetan kontrakoa erakusten du. Horren adibide argia dugu Baionako jaietan euskarak duen presentzia edo, hobeki esanda, presentzia eza».
Horiek hala, aurtengo salaketa batez ere bi hiri horietan zentratu du EHEk. Yves Matxikotek jakinarazi zuen Iruñeko sanferminetan izango dela lehen mobilizazioa, uztailaren 10ean. Nabarreria plazatik 13.00etan kalejira aterako da.
Baionako besten karietara, berriz, abuztuaren 5ean, 12.00etatik goiti elkarretaratzea egingo dute Saint Andre plazan. Ondoren, euskararen aldeko mugimenduak azken hiru urteotan egin duen moduan, desfilea izango da Lapurdiko hiriburuko karriketan.
Ez da, ordea, euskararen aldeko mugimenduak jaietan egin duen deialdi bakarra. Hiriburu horietan ez ezik, bakoitzak bere auzo eta herrian gisa horretako ekimenak antolatzera animatu zuen Matxikotek, «udan ere normalizazio prozesuak aurrera egin behar baitu».
Konpromisoa
Premia hori aintzat hartuta, EHEk bere ildoari jarraitzeko konpromisoari eusten diola nabarmendu zuen. Horregatik, uda eta jaietako sasoian ekimenak bideratzeko aurretiko lanean aritu da euskararen aldeko erakundea.
Hala, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hogei bat jai-batzorderekin harremanetan jarri dira. «Guztiei, euskarak bizi duen egoera gogorarazi eta gure hizkuntzaren normalizazioan eragile aktiboak izan daitezela eskatu diegu», esan zuen Matxikotek.
Beren herrietako jaietan, egitarauetan eta propagandan euskararen presentzia eta erabilera bermatzeko eskatzearekin batera, euskararen ofizialtasuna ere aldarrikatu dezaten, hainbat euskarri eskaini dizkie EHEk. Nagusia, afitxa bat, eta 22 herritara «Hizkuntza bat, lurralde bat, legeri bat, ofizialtasuna» dioten eranskailu mordoa igorri dute, bestazaleen artean banatzeko. Eranskailu horiek Euskal Herriko beste hainbat herri eta auzotan ere banatu dituzte.
Iruñeko eta Baionako udalak egiten ari diren «euskararen aurkako politika» bereziki salatzeko, EHEk bi mobilizaziotara deitu du: uztailaren 10ean, 13.00etan, Iruñean, eta abuztuaren 5ean, 12.00etan, Baionan.