GARA > Idatzia > Euskal Herria

Galdamesetik abiatuko da ostegunean IAren Eskola Ibiltaria, eta Santutxun bukatuko da

GARA |

Datorren ostegunean, -hilak 12- abiatuko da Eskola Ibiltariaren zortzigarren edizioa. Ikasle Abertzaleak ikasle mugimenduak antolatzen duen ekimen ibiltari horrek Galdames izango du abiapuntu aurten. Bi eguneko txangoak Bilboko Santutxu auzoan izango du helmuga.

Udaran egiten duen ekimen horrekin, «euskal ikasleriak behar, nahi eta aldarrikatzen duen eskola eredua» praktikan jarri nahi du IAk. Antolatzaileen esanetan, gaur egun ikasleriari «inposatzen zaizkion hezkuntza sistema arrotz eta atzerakoietatik» urrundu nahi dute. Gainera, euskaraz biziz, ingurunearekin harremanak izanez eta pedagogia eta didaktika metodo desberdinak erabiliz, ikasleak aldi berean bai ikasle, bai eta irakasle ere izanen direla ohartazi dute.

Aurtengo ekimena Enkarterriko Mehatzaldetik abiatu eta Ezkerraldeko industrialdea zeharkatu ostean, Bilbo zerbitzugunera iritsiko da. Modu horretan, egungo sistema sozioekonomikoa ulertzeko parada emango du. Gainera, sistema kapitalistaren bilakaerak eragindako ondorio natural eta sozialak bertatik bertara ezagutuko dituztela ere adierazi dute antolatzaileek.

Ostegunean, 12.00etan, Galdamesen bertan harrera ekitaldia eginda abiatuko da martxa. Hiru egunean hamaika herri eskola, jolas eta hitzaldi izango dira. Larunbatean Santutxun amaituko da eskola ibiltaria, eta auzoko jaiekin bat egiten duenez gero, festa giro galantaz gozatzeko beta izanen dute bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo