Lesaka, emozio eztanda, eskala ttikiagoan baina intentsitate berarekin
Emozio eztanda da Lesaka egunotan. Gainera, asteburuan, eta bereziki gaur gauean, herritarren sentimenduak eta grinak Euskal Herriko bazter guztietako lagunenekin nahasiko dira. Iruñekoa uholde handiegia iruditzen bazaizu, irakurle, aukera ezin hobea duzu, beraz, Bortzirietako herri honetan jendea ezagutzeko, adiskideekin irri eta dantza egiteko, errutina hausteko... besta bizitzeko azken finean. Eskala ttikiagoan, baina intentsitate berarekin.
Maider IANTZI |
Asteburu honetan hainbat txokotako euskaldunak daude Lesakan bilduta. Batzuk kanpin eta guzti joan dira Onin errekak bustitzen duen Bortzirietako herrira, parrandan emanen dituzten egunetan lo pixka bat egiteko asmoarekin... asmoarekin behintzat. Jende nahasketak sortutako giroaz gain, makina bat ekitaldi daude sanfermin hauek berezi egiten dituztenak.
Lesakarrei bestetako hoberena zer den galdetuz gero, «peñen eguna» erantzuten du anitzek, segidan, ia pentsatzeko tarterik hartu gabe. Egun hori bihar izanen denez, herritar asko etxean geldituko da gaur arratsean, edo bertzela besta ttikia egiteko intentzioarekin aterako da, koadrilen jairako indar almazena bete-betea egotea komeni delako. Herri osoa kalean izanen da bihar goiz-goizetik. Gosaldu ondotik peñek danborrada eginen dute Beti Alai txarangarekin, eta umeek ere izanen dute ongi pasatzeko modurik, Betizuak eta «Kanpanolue» ikuskizuna baitaude iragarrita plaza zaharrean.
Koadrila bakoitzak bere aldetik eginen du bazkaria, baina gero denak elkartuko dira Hirubide ostatuan, txarangarekin batera tabernaz taberna poteatzeko eta Onin errekaraino jaisteko. Bidean kantuan, dantzan eta saltoka ibiliko dira, balkoietatik begira izanen dituzten bizilagunei «ura, ura!» oihukatuko diete eta hauek baldeak hustuko dituzte bestalariak blai egiteko. Betizuak, mariatxiak, batukada eta Imanolen diskofesta ere izanen dira alaigarri.
Sanfermin hauen bertze bereizgarri bat uztailaren 7ro Oninen bi aldeetan egiten den zubigainekoa da. Dantza honek XV. mendean lesakarren artean lortu zen bakea oroitarazten du eta hunkigarria izan ohi da parte-hartzaileentzat eta ikusleentzat. Arratsaldean, jotak, aurreskua, mutil-dantza eta neska-dantza izanen dira plaza zaharrean, baita bertso jaialdia ere. Xabier Silveira eta Iñigo Olaetxea herritarrak, Maialen Lujanbio, Sebastian Lizaso, Unai Iturriaga eta Jon Barberena ariko dira kantuan, Alaitz Rekondoren agindura. Haurrentzako «Zirkus Mirkus» kale animazioa izanen da bitartean Bittiria kalean barna.
Altxadi gazte peña
Udalak antolatutako ekintzez gain, orain dela hiru urte sortutako Altxadi gazte peñarenak daude aukeran. Ehun kidetik gora ditu elkarte honek eta gazteek parte hartzea eta jai hobeak lortzea du helburu.
Atzo arratsaldean manifestazioa egin zuten «Amnistia eta askatasuna» lemapean, eta biharko Euskal Kasinoa prestatu dute: mahai jokoak eta kirolak eginen dituzte bertan. Astelehenean Kale Musika Maratoia eginen dute, lau talderekin, lau ordu eta tokitan. 20.00etan Skasak Lekeitioko taldeak gorputz guztiak mugiaraziko ditu errekaren magalean; 21.00etan, Zabaleta Dorrearen parean, Okupando Rom@ bizkaitarra izanen da; 22.00etan, Bittiri kalean, Atxaspi ostatuaren ondoan, Xikinkeik punk eta rock doinuak nahasiko ditu; eta azkenik, 24.00etan, Kalapite Baztango taldearen emanaldia dago iragarrita txosnetan. Lau txosna izanen dira eta denetan plastikozko edalontziak erabiliko dituzte gutxiago zikintzeko.
Astearterako herri bazkaria antolatu du Altxadi gazte peñak. Hitzordua paratua dute lagunarte alaia bilatzen duten jatunek: 14.30ean Alhondigako arkupeetan. Sabelak goxatu ondotik kantaldia eta jokoak izanen dituzte, gainera.
Besta gosez dagoenak aukera ederra du Lesakan.
Astelehena umeen eguna da eta goizetik izanen dute animazioa, Gorriti egonen baita eurekin. Arratsaldez, auto txikiak gidatu eta puzgarrietan nekatu arte salto egiteko modua izanen dute Irain eskolako patioan.
Gaur meza eta prozesioa eginen dituzte santu beltzaranaren omenez. Udalbatza, bertze agintariak, ezpatadantzariak eta musika banda errekaren bi aldeetako dantza ezaguna ikustera joanen dira.