GARA > Idatzia > Gutunak

Josu Esparza Iraizoz Askatasuneko kidea

29 urteko inpunitatea zigorrik gabe

Duela 29 urte Nafarroako herriak egungo historiako eraso bortitzenetakoa jaso zuen. German Rodriguez Espainiako polizien balek erail zuten eta hamarnaka pertsona zauritu zituzten.

Espainiar Estatuan Frankoren heriotzaren ondorioz momentu nahasiak bizi ziren, eta diktadura batetik demokrazia baterako aldaketa saihestezina zirudien. Aldaketa horrek suposatu ahal zuen pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuko zituztela eta proiektu guztiak baldintza berdinetan garatzeko aukera izango zela. Alderdi politikoak legeztatu behar ziren, langileen sindikatuak onartu behar ziren, hainbat eragileren sorkuntza gertatuko zen, eta abar. Hori Frankok ongi lotuta utzi nahi zuena baino haratago zihoan: eskuin muturreko Espainia bateratu bat.

Montejurra, Gasteiz, 77. urteko amnistiaren aldeko asteak, 78. urteko sanferminak, horiek guztiak sektore frankisten indar erakustaldiak izan ziren, talde sozialista eta langileak presionatzeko, konstituzio bat onar zezaten eta hauteskunde batzuk presta zitzaten aurretik gertatutako guztia estaltzeko, demokrata kareta bat ipini eta Espainiaren batasuna mantendu nahian. Indar erakustaldi horiek, nola ez, espainiar polizi eta militarrek egin zituzten, jakinda inpunitate osoa zutela hori egiteko.

29 urte igaro ostean Estatu espainolean gauzak ezer gutxi aldatu dira. Berriro ere sozialistatzat eta langiletzat bere burua izendatzen duten horiek koldartu dira eta «Espainiako batasuna»ren alde birsortutako frankisten presioen aurrean burua jaitsi dute, benetako egoera demokratiko baten alde apustu egin beharrean. Orain dela 29 urte lehenengo alderdi politikoak le- geztatu ziren. Gaur egun, ordea, lege bat dago alderdi politikoen ilegalizazioa baimentzen duena. Are gehiago, giza erakundeak, Olentzeroak eta herri jaiak ilegalizatzen ari dira. Duela 29 urte preso politikoei amnistia eman zitzaien. Gaur bizi osorako kartzela zigorra aplikatzen da. Orain dela 29 urte ikurrina edozein udaletxetan erakutsi ahal zen. Gaur, ordea, isun eta inhabilitazioekin ordaintzen da ikurrina jartzea. Aldiz, orain dela 29 urte German erail zuten poliziek eta erailketa hori eragin zutenek zigorra jaso gabe jarraitzen dute. Are gehiago, erailtzen jarraitzen dute, eskubideak urratzen jarraitzen dute diktadura berria den «zuzenbide estatua»ren izenean eta horren babespean. Okerrena da horri demokrazia esaten zaiola orain eta hau guztia zuzentzen dutenei demokratak deitzen zaiela.

Baina errealitatea bestelakoa da, Euskal Herrian 29 urteotan ez dugu demokraziarik ezagutu. 7.000 pertsona baino gehiagok torturak pairatu dituzte, 35.000 pertsona atxilotu dituzte, 4.000 pertsona baino gehiago kartzelatu dituzte, kopuru ikaragarri horiek erakusten dute demokrazia hau faltsua dela. 29 urteotan egondakoa ongi diseinatutako sistema bat izan da Euskal Herriaren kontra egindako eraso bortitz guztiak isilarazteko eta zigorrik gabe uzteko. 29 urte hauetan egindakoak ez du benetako demokrazia bat ahalbidetu, guztiz kontrakoa, demokrazia kaltetu, manipulatu eta galbidetu du egunez egun.

Baina 29 urteotako demokraziaren manipulazioak eta galbideak ez du Euskal Herria isilarazi eta gaur, orain dela 29 urte bezala, benetako egoera demokratiko bat aldarrikatzen jarraitzen dugu Euskal Herriarentzat, preso politikorik gabe, polizia eta militarrik gabe, justiziaren aurrean ezberdintasunik gabe eta gure etorkizuna aske erabakitzeko trabarik gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo