GARA > Idatzia > Txokotik

Floren Aoiz Idazlea

Nafarroa arraroa

Badakit kantuak «Nafarroa arragoa» diola, baina ni hauteskundeen ondotik gertatzen ari denaz ari naiz. Aldaketaren hauteskundeak omen ziren iragandakoak, baina orain arte ikusi duguna betiko politikeria nazkagarria da. Hitz ederrak desagertu eta laban zorrotzak agertu dira potere banaketa mahai gainean jarri delarik. Nafarroako estatus juridikoa? Eskubide demokratikoak? Euskararen legea? Politika sozialak? Bai to! Poltronak, hauxe da lehia, azken unean antzeman denez.

Duela hamar urte, Patxi Zabaletak Foru Hobekuntza salatzen zuen, Konstituzioaren transitoria famatua errefusatzen zuen, euskararen legearen aldaketa eskatzen zuen eta 2007an horiek eta beste batzuk irentsi ditu lasai asko, baina berak eta bere koaliziokideek poltronen banaketan jarri dute muga. Ez da arazorik izan gaur egungo markoa onartzeko, ez da gatazkaren konponbiderako konpromisorik behar, euskara baztertzen duen legedia ez da bertan behera utziko, baina NaBaik onar ez dezakeena kontseilaririk gabe gelditzea da. Gainera, lau alderdi dira, eta ez du balio edozein banaketak: negozioan inbertitu duten guziek eskuratu behar dute etekina. Bestela...

Nafarroan oso orijinalak izan gara beti. Shakespeareren hitz famatuetara jo gabe berezitasunaren adierazpenak nonahi agertzen dira. Finean, bidegurutzean izateak korapilo bilakatu gaitu, eta sarritan dirudi nahasketa dela gure patua. Nahasketaren loian murgildurik eta politika komertzio-formula gisa ulertzen duten agintarien menpe. Ederki gaude!

Arraroa da Nafarroan gertatzen ari dena erritmo politikoak erotu direlako, eta maskarak erortzen ari direlako. Normalean ez da horren bizkor gertatzen, baina Nafarroan, saltsa bereziaren azpian krisi politikoa dago, zatiketa bideratzeko diseinatu zen planaren krisia, hots. Zatiketak porrot egin du, eta errezeta zaharrek ez dute balio. Inorren errezeta zaharrek, egia esan!

Arraroa izan ala ez, sanferminak hasiak dira eta bestaren erratzak ia dena eramanen du. Baina aipatu krisia hantxe izanen da bestak bukatu ondotik, eta aurre egin beharko diote batzuek eta besteek. Gobernuren bat osatu ala hauteskundeak errepikatu, krisia luzatuko dela ia ziurtzat jo dezakegu, sakoneko arazoari aurre egiteko asmorik ez baita inon ere kausitzen. Badaezpada, ongi pasa bestak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo