GARA > Idatzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea sagarroi@gmail.com

San Rafael

En Málaga, provincia de ídem, a las once y diez minutos del día quince de marzo de mil novecientos treinta y siete, ante don Joaquin Muñoz Sánchez, juez municipal accidental y don Francisco Alvarez de Toledo y Alba, secretario, se procede a inscribir la defunción de don Arturo Fernández Gil. Falleció en la mañana del día veinte y seis de febrero pasado a consecuencia de heridas por arma de fuego, contando veinte y siete años, natural de Sayalonga, de profesión guardia de asalto, siendo de estado casado».

Eta horrela hil zen gure aitita, sentenciado a la pena de muerte por un delito de rebelión militar, bere anaia, hau da, gure osaba Inocencio Fernandez Gil bezala, txakurren modura, hormaren baten kontra, pelotoiaren aurrean, bere familia gogoratzen: emaztea eta seme-alabak... eta sekula jakin barik noizbait edukiko zituen ilobak oraindik orain 70 urte beranduago ataka honetan jarraituko genukeenik.

Premiak bultzatuta, gure familia, beste familia askoren modura, beste herrialde batera etorri behar izan zen eta, gaur, euskal herritarrok izanda, gure historiaren zati handia San Rafaeleko Kanposantuan dago oraindino isilarazita. 70 urte pasatu dira, baina hala ere ez hildakoek ezta ondorengook ere ez dugu justiziarik ezagutu. Gure familiak apurtu izanaren errudunak ohe bigunetan hil dira lasai eta euren ondorengoak lasai paseatzen dira kaleetatik, herrietatik, parlamentuetatik.

Memoria ere fosa komunetan edo bide kantoietan betirako isiltzen ahalegindu ziren, baina berton gaude, guk ez dugu ahazten. Hura ez zen «zorigaiztoko gerra fratizida» izan, non inork ez daukan kulparik, hura ez zen izan «trantsizio» deitu duten gezur batekin estali zitekeen zerbait. Zilegizko Gobernuaren kontrako estatu golpe basatiaren eta geroko urte guztien errepresio eta adoktrinamiento faxistaren ondorioak 70 urte beranduago jarraitzen dugu sufritzen, Estatu espainolean eta, zelan ez, Euskal Herrian.

Memoria historikoa berreskuratzeko hainbat erakunde dabiltza lanean. Eta horien artean Malagakoak ez dauka lan gutxi aurretik, herri hartan Gerra Zibilean egin zuten sarraskia itzela izan baitzen. San Rafaeleko kanposantuko fosetan bakarrik, aitite Arturo eta osaba Inocenciorekin batera, milaka daude lur- peraturik. Eta hauen kasuan, gutxienez, jakin badakigu zer gertatu zen, non eta noiz hil zituen. Epaiketa fartsa izan zuten.

Beste batzuek, hala nola Malagatik Almeriarako errepidetik alde egin behar zuten 150.000 lagunek, suerte hori ere ez zuten izan. 200 kilometro oinez egiten zuten bitartean, jende nagusia, gaixoak eta umeak barne, Kondor legioa abioietatik, gerra barku faxistak itsasotik eta tanke italiarrak euren atzetik, denak populazio zibilaren kontra tiro, bonba, obus eta metraila egiten...

Memoria historikoa berreskuratzeko Malagako erakundeak deialdi zehatza egin du uda horretarako 30 urte arteko gazteei kanposantuko fosetatik gorpuak atera ahal izateko. Aukera polita da ikasleentzat eta ikasle ez diren gazteentzat ere. Txikitan ez genekien zergatik ez geneukan aititerik, inork ez zuen ezer kontatzen eta, horrela, erretratu soila geratu zaigu. Denon artean erretratu zuri-beltz zahar horiei hainbat urtetan ostu zieten memoria eta duintasuna bueltatzea tokatzen zaigu. Aukera polita da elkartasunerako, Euskal Herritik ere. Han, lur azpian daudenak, ez dira hondakin arkeologiko hutsak, askoz gehiago dira, horiek gure familiak dira, oraindino itxaroten daudenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo