Maltzaga lan-taldeak solasaldi-afaria egingo du Getxon hilaren 12an
GARA |
Iragan martxoaren 31n, Eibarko Maltzaga auzoan izen bera duen ekimena aurkeztu zuten, eta 423 lagun ezagunek sinatutako «Maltzagako Aldarria» idazkiaren berri eman zuten. Dagoeneko 728 lagunek eman diote babesa «bakearen eta burujabetzaren aldeko ekimen» horri, ideologia desberdinetakoak denak.
Gainera, zenbait herritan Maltzagako herri lan-taldeak sortzeko saiakerak egin dituzte azken hilabeteotan eta, iragan astean Gasteizen lehen ekitaldi publikoa egin ondoren, hilaren 12an Getxoko lan-taldearen txanda izango da. Izan ere, Getxon solasaldi-afaria antolatu dute, 24 euroan, Ereagako hondartzako Igeretxe jatetxean.
Solasaldian, Mikel Ezkerro diasporako historialariak hartuko du hitza 20.30ean, eta gero Tasio Erkizia, Sabin Intxaurraga eta Iñaki Aldekoa arituko dira berbetan. 21.30ean, ELAko eta LABeko ordezkariek hitz egingo dute.