Sindikatu guztiek eskubide berberak izateko eskatu dute LABek, STCk eta SLBk
Arantxa MANTEROLA|
Sindikatuen ordezkaritza arautzen duen 1946ko legea dela medio, hainbat sindikatuk ez dituzte eskubide eta aukera berak. Esaterako, trebakuntzari edota egituretan izan beharko luketen ordezkaritzari dagokionez.
Aipatu legearen aplikazioak sortzen dituen hutsune eta ezintasunei nola aurre egin aztertzeko, Bretainiako SLB, Korsikako STC eta LAB sindikatuetako hainbat kide trebakuntza saio baten karietara bildu ziren, atzo, Baionan.
STCko kanpo-harremanetarako arduradun Jean-Luc Moruccik nabarmendu zuen, LAB eta SLB sindikatu «gazteagoak» izaki, eurak baino arazo gehiago dituztela beren ordezkaritzaren aitorpen ofiziala lortzeko (STC lehen sindikatua da Korsikan).
Dena dela, hirurek «sindikatu guzti-guztiek bere jarduera-eremuan arau, eskubide eta betebehar berberak» izan behar dituztela aldarrikatu zuten, hori erdiesten ahaleginduko direla gehituta.
STCko marinelak
Hiru sindikatuen agerraldiak bazuen, halere, beste helburu bat. STCko lau kide uztailaren 18an Marseillako instrukzio epailearen aitzinera joan behar dute, 2005eko irailean hiri horretan Pasquale Paoli itsasontzia «bahitu» zutelakoan.
Moruccik ekintzaren nondik norakoak zehaztu zituen, betiere testuinguruan kokatuta. Hala, Korsikan, irla izanagatik, garraioak duen garrantzia eta, horrenbestez, zerbitzu publikoa izatearena nabarmendu zuen lehenik. SNCM konpainia erabat pribatizatzeko asmoek eragin zuten greba eta mobilizazioen artean, oso entzutetsua izan zen STCko marinel batzuek itsasontzia hartu eta Bastiaraino «herriratu» zutenekoa. Armada eta polizia-talde bereziek esku hartu zuten Korsikako abertzale sutsuaren izena daraman ontzia berreskuratzeko.
Gertakizun horiengatik deitu ditu orain epaileak. Etienne Santucci STCko idazkari nagusiaren esanetan, litekeena da lehen agerraldi horretan lau marinelei leporatzen dizkieten karguak jakinaraztea. «Karguak oso larriak izan daitezke, matxinada eta, behar bada, bahiketa ere bai, ontziko komandantea bertan geratu baitzen. Kargu horiekin 30 urteko espetxe zigorra jaso dezakete» esan zuen Santuccik.
«Ez dira piratak»
STCko ordezkariek adierazi zuten, ekintzaren moduaren inguruan iritzi desberdinak izan badaitezke ere, zalantzarik gabe, ekintza sindikal bat izan zela: «Argi dago ez zela pirata edo gaizkileen ekintza izan, langileek fabrikak okupatzen dituzten bezala, marinelok beren lan-tresna defenditu nahi zuten».
LABeko Garraio eta Itsasoko arduradun Ramon Fanlok eta SLBko idazkari nagusi Dominique Jolivetek elkartasuna adierazi zieten STCko marinelei beren sindikatuen izenean. Ekimenak antolatuko dituzte «auzi politikotzat» jotzen duten prozedura salatzeko eta beste sindikatuak horietan parte hartzera gonbidatuko dituzte. Fanlok Europako itsas eta portu-esparrukoak landuko ditu, bereziki.