GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Sega Euskal Herrikoa

Sei kirolaritik lauk lortuko dute finalerako txartela

Goikoetxea, Gabirondo, Lapazaran, Ormaetxea, Alkorta eta Arteaga neurtuko dira bihar goizean Pikoketan azken saiora heltzeko asmoarekin

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Euskal Herriko Txapelketako bi finalerdiak jokatuko dituzte bihar Oiartzunen, Pikoketan, 11.30ean hasita. Multzo batekoak neurtuko dira tenore horretan, eta horien lanak amaitutakoan, berriz, beste multzokoen txanda izango da.

11.30ean hasiko da lehiaketa, eta bertan Ormaetxea, Arteaga eta Gabirondo neurtuko dira. Kirolari bakoitzak orduerdia izango du lanean aritzeko, eta belar kilorik gehien mozten duten bi segalarik lortuko dute finalerako txartela.

Gabirondo eta Ormaetxea dira finalean izateko faboritoak, eta gauzak normaltasunez joaten badira biek egin beharko lukete aurrera.

Joxe Gabirondo indarrez gainezka dator. Joan den igandean Gipuzkoako txapela jantzi zuen, eta gogotsu etorriko da Pikoketara. Berak garbi utzi du denboraldia bete duela, baina ahaleginduko da Euskal Herrikoa ere irabazten. Ezeren okerrik ez duela, finalean sartu beharko luke Gaztelukoak.

Jexuxmari Ormaetxeak kolpe dezentea hartu zuen pasa den igandean gipuzkoako finalean hirugarren geratu ostean, eta Euskal Herrikoa irabazteko ahalegin guztia egingo du. Finlaerdi honetan, horrek ere ez luke arazorik izan behar aurrera egin eta hilaren 22ko finalean izateko txartela lortzeko.

Arteaga gaztea da hirugarrena, eta Baliarraingoak ez du lan erraza izango. Hala ere, berak lehen helburua bete zuen finalerdietan sartuta, eta bere lana egitera joango da. Hala, bi faboritoetakoren batek huts egiten badu, haiei ezustea emateko prest egongo da.

Lehen multzoko segalariek beren lanak amaitzen dituztenean, eta belar gutzik bildu eta pisaketa egiten denean, bigarren multzoko segalariak hasiko dira, eta finala jokatzeko beste bi segalari erabakiko dira hor.

Lapazaran, Goikoetxea eta Alkorta neurtuko dira bigarren multzo horretan. Hauek ere, aurrekoen lan bera egin beharko dute. Orduerdian arituko dira belarra mozten, eta kilorik gehien mozten duten biak sailkatuko dira finalerako.

Andoni Goikoetxea da egungo txapelduna, eta gazteluarrak ez luke arazorik izan behar aurrera egiteko. Behetik gora egiten duen segalari horietakoa da. Denboraldi hasieratik asko hobetu du, eta sasoiko dago. Ezuste latza izango lizateke finaletik kanpo geratzea.

Jon Lapazaranek ere aurrera egin behar luke kanporaketan, eta bizkaitarrak ere normalean finala jokatu beharko luke. Bera da finalerdietan Gipuzkoakoa izango ez den kirolari bakarra. Gipuzkoatik bostek eman dute izena, eta denak sartu dira finalaren atarikoan. Bereaz, hiru, gutxienez izango dira azkeneko saioan. Izan ere, pentsatzekoa da da Lapazaran ere han izango dela eta bere herrialdeko ordezkaritzari eutsiko dio. Iaz bera zen txapela janzteko faboritoa, baina ez zuen lortu, eta aurten ahaleginduko da iaz egin ez zuena egiten.

Alkorta da finalerdietan izango den hirugarrena, eta adituen ustez bera da aukerara txikien duena. Asteasuarrak, ordea, galtzeko ez dauka ezer, eta lasaiatasun horrekin joango da. Presioa besteek dute, eta bera prest dago aurrekoak estu hartu, eta azkenko saiorako urratsa egiteko.

Finala

Bihar aurrera egiten duten segaalariek, hemendik bi astera jokatu beharko dute finala, eta biharko leku berean izango da, Pikoketan, alegia, baina ez belardi berean.

Aurten, oraingoz uste zena baino jende gutxiago dabil segalariak ikusten, baina pentsatzekoa da geratzen diren bi ekinaldietan zaleek erantzungo dutela, goi mailako sega saioak ikusteko modua izango baita bai finalerdietan, baita finalean ere. Pikoketak, berriz, ez dauka aitzakirik, ikustera joateko ere leku paregabea baita.

Gipuzkoarrak nagusi

Gipuzkoako segalariak jaun eta jabe izan dira orain arte. Bostek eman zuten izena Euskal Herrikorako, eta denak sartu dira finalerdietan. Lapazaran da finalerdietan arituko direnen artean herrialde hortakoa ez den kirolari bakarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo