GARA > Idatzia > Pilota

Paxkal Ezkurra bere jokoa egiten ari da berriz

J.L. | DONOSTIA

Sorhuet-Kurutxari eta Larretxea-Ezkurra neurtuko dira gaur 18.00etatik aurrera Gerendaingo trinketean, herri hortako berezkoen torneoako finalean.

Asteazkenean eta ostegun gauean jokatu zituzten finalerdiak, eta zaleek erantzun bikina eman zuten, trinketeko harmailak bete egin baitziren.

Asteazkenean, Larretxeak eta Ezkurra II.ak 40 eta 37 menderatu zituzten Etxeberri eta Etxeto partida eder eta luze baten ostean. Lehen 30 kintzetan irabazleak nagusi izan ziren, baina gero agertu zen Etxetoren jokorik onena, eta denak menderatu egin zituen.

Bazirudien garaipena haiena izango zela, baina Etxeberrik aurrean bi huts jarraian egin zituen, eta horrek bizia eman zien Larretxeari eta Paxkal Ezkurrari. Zuraideko aurrelariak, gainera, botearekin asmatu egin zuen azken txanpa honetan, eta horrek finala jokatzeko txartela eman zien.

Bigarren finalerdian, berriz, Sorhuetek eta Kurutxarik inongo arazorik gabe hartu zituzten mendean Idiart eta Waltari, 40 eta 15. Kubatarrak normalean aintzinetik jokatzen du, baina lehiaketa honetan enpresak gibeletik jarri du, eta ez zuten asmatu ez Idiartek ez eta berak ere.

Sorhuet eta Kurutxari pilotariak oso azkar aintzineratu ziren, eta norgehiagoka erraz eraman zuten, aurkariak ez bitziren inoiz haiek estutzeko gai izan, eta amaieran garaipen erosoa lortuta finalean sartu ziren.

Azken partida hori ederra iragartzen da, baina zaleek ez dute faboritorik. Larretxeak eta Ezkurrak pasada handiagoa hartu zuten finalerdietan, baina atseden hartzeko egun bat gehiago ere izan dute. Auzia, gaur erabakiko da, 18.00etan.

Beste alde batetik, uztailaren 24an estreinatuko dute Donapaleuko trinketea. Saint Jaime zahartuta geratu zen, eta dena behetik goraino berritu dute, eta egun horretan hasiko dira berriro ere jokatzen. Partida horretarako, gainera, sekulako pilotariak ekarriko dituzte. Xala eta Ezkurra II.a Waltariren eta Etxetoren aurka neurtuko dira nor baino nor.

Plaza libreko finala

Plaza libreko Euskal Herriko Lehen Mailako finala, berriz, bihar jokatuko da Hazparneko plazan. 16.30ean hasiko da jaialdia, baina partida nagusia oren bat beranduago jokatuko dute, eta bertan Urrutigarai eta Maitia Agerreren eta Saint Estebenen aurka neurtuko dira. Bi bikoak oso orekatuak dira, eta ez dago faborito garbirik. Dirua parean aterako da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo