GARA > Idatzia > Kultura

Aisialdi beste eredu bat abiatu da Lekeition arte eszenikoen inguruko udalekuekin

Antzerkia dugu protagonista Lekeition, asteburu honetan egingo baitute urteroko jaialdia. Hori dela-eta, arte eszenikoetara hurbiltzeko udalekuak antolatu dituzte. Bertan, hogeita bost gazte gipuzkoar daude antzerkiaren xarmaz gozatzen.

Arrate ETXEBARRIA

Joan den igandean, hamalau eta hamazazpi urte bitarteko 25 neska-mutil gipuzkoar Lekeitiorantz abiatu ziren ilusioz beterik, zortzi egunez udaleku berezi batzuetan parte hartzeko asmoz.

Zehazki, Gipuzkoako Aldundiaren ekimenari jarraitu, eta Eidabek antolatutako arte eszenikoetara hurbiltzeko udalekura abiatu ziren. Gainera, atzo hasi zen Lekeitioko Kale Antzerkiaren Jaialdia eta hori aprobetxatuta, antzerkiaren mundua gertutik ezagutzeko aukera paregabea izango dute gaztetxo horiek guztiek.

Udalekuen helburua antzerkian lantzen diren hainbat alderdi ezagutaraztea dela kontuan izanik, tailer ugari egin dituzte egun horietan. Hala, ekintza horien guztien lehengaia parte-hartzaileen irudimena izango da. Begiraleen esanetan, oinarrizko gai hori ez da falta eta gazteek oso gogotsu ari dira eguneroko jarduerak aurrera eramaten.

Hamaika tailer

Normalean izaten diren lehenengo eguneko lotsak alde batera uzteko, elkar ezagutzarako jokoak egin zituzten gazteek heldu bezain laster.

Hurrengo egunean, lanari ekin zioten eta hankapalutan ibiltzen ikasi zuten. «Arrisku kirola» dela kontuan hartuta, nahiko arrakastatsua izan zen emaitza; izan ere, gehienek lortu zuten makil biren gainean paseotxoren bat edo beste ematea.

Zinema tailerra izan zen astearteko eginbeharra, film labur bat grabatzeko eman beharreko urratsak irakatsi zizkieten, horiek gero praktikara eramateko, noski. Gazteen ekimenez, bulling-aren inguruko film laburra grabatu zuten ostegunean Lekeitioko karriketan zehar. Gainera, oroimen gisa, DVD euskarrian eramango dute etxera euren opera prima.

Baina teoria alde batera utzita, astearteko unerik dibertigarriena makillaje profesionalaren mintegikoa izan zen. Hiru teknika jorratu zituzten: fantasiazko makillajea, tatuajeak egitekoa eta, arrakastatsuena izan zena, zauriak eta erredurak simulatzeko makillajea.

Asteazkenean idazmena jorratu zuten. Antzerkigintzan hain garrantzitsua den arlo hori Andoni Etxaniz irakaslearekin egin zuten. Etxanizek adierazi duenez, «tailer honen helburua folio zuriak sorrarazten dituen beldurrekin amaitzea eta irudimenari ateak zabaltzea da».

Gauetan, afaldu ostean, gaubelak egiten dituzte Herriko Frontoian, behin jolasak amaituta, gaueko hamabiak aldera, ohera doaz atseden hartzera, hurrengo egunari aurre egin ahal izateko.

Bestalde, atzoko eguna egun berezia izan zen gaztetxoentzat aste osoan prestatutakoa praktikan jarri baitzuten. Jaialdia hasteko grinaz zeuden.

Pregonari bereziak

Aurtengoan aparteko pregoilariak izango ditu Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerkiaren Jaialdiak. Udalekuetako partaideek euren denbora libre guztia eskaini diote antzezpen pregona prestatzeari. Baina, zer aurkeztuko dute? Erabateko sorpresa da hori eta espektakulua ikusi nahi duenak Bizkaiko kostaldeko herrira joan beharko du eta segur aski ez da damutuko.

Hiru taldetan banatu dira gazteak agerpen berezia prestatzeko eta, euren irudimenari ateak zabalduta, herriko lau gunetan izango dira asteburu osoan.

Azken finean, hogeitabost neska-mutilak jaialdiaren parte izango dira. Bertan arituko diren aktoreekin harreman zuzena izango dute; alde batetik, aterpetxe berean izango direlako eta bestetik, antzezlarien lanaren nondik norakoak lehen pertsonan ezagutuko dituztelako.

Alde horretatik, mahai inguru bitxia eskaini zaie, «Euskal kale antzerkiaren bidaian abenturak eta desbenturak» izena duena. Santi Ugalde, Trapu Zaharra antzerki taldearen partaidea, eta Imanol Agirre, XVIII. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren zuzendari nagusia izango dira ekimen horren gidatzaileak.

Oro har, uda igarotzeko bide alternatiboa eta berritzailea da aurtengo udan Lekeition eskaini dutena. Antzerkia eta arte eszenikoen ikuspegi globala landu da eta zortzi egunez euskaraz bizitzeko aukera paregabea eskaini zaie parte-hartzaileei.

Oso erantzun positiboa lortu du umeen aldetik, jarduera guztiak interes handiz egin baitituzte. Segur aski, gazteek udalekuetara joandako ilusioekin itzuliko dira bere etxeetara, hurrengo urtea noiz helduko zain.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo