Batasunak salatu du Otegiren aurkako azken erabakiak ere «bultzada politikoa» duela
Fernando Grande-Marlaska epaile espainolak Arnaldo Otegiren kontra hartutako azken erabakia dela-eta, Batasunak prentsa adierazpena kaleratu zuen atzo, erabakiaren «bultzada politikoa» salatzeko. Talde abertzaleak Auzitegi Nazionala desagertzeko galdegin du.
GARA |
Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskak ostegunean berretsi zuen Arnaldo Otegiren kontrako epaiketa abiatuko duela. Ertzaintzak 2003an hildako Arkaitz Otazua ETAko kidea gogoan izan omen zen ekitaldi batean parte hartzeagatik epaituko dute Otegi.
Epaile espainolak behin baino gehiagotan hartu ditu ezker abertzaleko ordezkarien aurkako erabakiak eta, oraingoan ere Otegi epaitzea erabaki du, nahiz eta auziko fiskalak berak zalantzan jarri duen Marlaska inpartziala ote den. Epaileak, ordea, defentsaren eta fiskalaren helegiteei entzungor egin, eta Foro Ermua eta Dignidad y Justicia taldeei eman die arrazoia.
Batasunak eledun abertzalearen aurkako azken erabakia salatu zuen atzo prentsa ohar baten bidez. Oharrean aipatzen du Marlaskaren ekimenak agerian uzten duela «epaile honek eta Justizia espainolak daraman politizazio ildoa». Gainera, «erabaki hauek bultzada politikoz hartzen dira, eta, beraz, ez da delituen kontra jotzen, baizik eta pertsonen kontra, eta kasu honetan Arnaldo Otegiren jardun politikoa zigortzen da», esaten du oharrak.
«Jardun poltikoa baldintzatu»
Batasunaren aburuz, «Auzitegi Nazionala eta Grande-Marlaska epailea ezker abertzalearen kontra jotzeko erabiltzen dituzte, bere jardun politikoa baldintzatzeko» eta, ildo honetan, aipatzen du azken erabakia «Euskal Herrian bizi dugun egoera antidemokratikoaren isla garbia» baino ez dela.
Horiek hala, talde independentistak irekita dauden sumarioak ixteko eskatu du, eta esan du «Euskal Herriak eta euskal herritarrek behin baino gehiagotan exijitu» dutela Auzitegi Nazionala desagertzeko, «euskal herritarron kontrako tresna antidemokratikoa delako».
Kartzelan jarraitzen du Arnaldo Otegik eta urteak bete zituen atzo. Batasunak oharra aprobetxatu zuen eledun abertzaleari «zorionik beroenak» helarazteko.