GARA > Idatzia > Euskal Herria

Pasai Antxon ere erraldoiek soinean dituzte sanferminetako zapiak

Pasai Antxon, sanferminetako zapiak jantzi dituzte erraldoiek, eta salto eta dantza ibilki dira kalean trikitilariek markatutako erritmora. Ondoan dituzte buruhandiak, alai hauek ere, bestalari guztiak ez baitaude Iruñean, bertan dagoenari hala iruditzen ahal zaion arren.

Maider IANTZI |

Etxafuegoak bota eta kanpaiak irauli zituzten Pasai Antxon ostegun arratsaldean, sanferminak hasiak zirela ozen errateko eta bertako eta inguruko bizilagun guztiak besta egitera animatzeko.

Azokan egin zuten txupinazoa, eta Armonia eta Jaizkibel elkarteak izan ziren protagonista. Maria Margarita Goikoetxea eta Arturo Gonzalez izan ziren erretiratuen ordezkariak; ekitaldian zeuden Maria Jesus Elizegi kantinera, Patricia Couto eta Elvira del Barrio haurrak, Maria Fuentes heldua, Alazne Hernandez eta Ander Berge alkate txikiak eta Pako Lekunberri sukaldari nagusia ere. Pasaitarra musika bandak Antxotarra martxa jo zuen eta Pasai txarangak bazterrak girotu zituen. Herriak bertze itxura bat du ordutik. Koloretsuagoa eta saltseroagoa da. Biziagoa.

Bizi berri horren erakusgarri da gazte asanbladak antolatu duen kontzertu mordoa: ostegunean Errenteriako Korunba, Antxoko Pus eta Lezoko Etam izan ziren instrumentuak astintzen; atzo, Dirua eta Irazi; gaur, 18.00etatik aurrera, Donibaneko Xikinkeiren eta Trintxerpeko Argiaren txanda izanen da; eta bihar, 22.30ean hasita, Joxpa joanen da Ondarroatik eta I am raros, Hernanitik.

Atzoko, gainera, Gazte Eguna prestatu zuten. Jolasak izan ziren Alamedan, bazkaria Lizeoko katering-aren eskutik, poteoa, eta batukada ere bai.

Bihar, 19.30ean, 500 edo 600 litroko sagardo upela irekiko dute, eta ez dute itxiko den-dena edan arte.

Guiness errekorra

Xaxorda koadrilak antolatu du ekimen hau lehenbiziko aldiz, eta helburua herritarrak banan-banan iturri azpitik pasatzea eta likido horia dastatzea da, Guiness errekor berria lortzeko.

Alamedako karpa erraldoian ere izanen da ordu horietan sagardoa edo bertze zernahi edateko aukera.

Izan ere, lehen, txosna txikiak muntatzen zituzten, baina denek elkarrekin karpa bakarra antolatzea erabaki zuten gero. Horretaz gain, gaztetxearen ondoan ogitartekoak saltzen dituen lokal bat dago irekita, Kexaldi izena duena.

Aurten, gainera, afariak eman ondotik Segi gazte antolakundea arduratuko da bertan edariak zerbitzatzeaz.

Gaurkoa da herriko jendearentzat jaietako egunik politenetakoa, gauerdian egiten duten danborradarengatik bereziki. Sastakai txarangaren doinuak nahasiko dira danbor soinuekin, eta musika amaitzean, herriko preso politikoak eta iheslariak omenduko dituzte Gure Zumardian. Leku berean izanen dira, pixka bat beranduago, Los del gas eta Su ta Gar musika taldeak kontzertua ematen, 23.30ean hasita.

Egunez ere non-nahi dago gaur musika, baita bertzelako ekitaldiak ere. 7.00etan Bigarren Entzierro Handia izanen da Lasturreko Marques de Saka ganadutegiko zezenekin.

Entzierroa Campsa eremuan hasiko da eta Eskalantegin bukatuko da, Hamarretxeta eta Kupeldegi kaleetatik pasatuta.

Azkeneko karrika hauetan, gainera, sokamuturra dago iragarrita gero. Haur danborrada, erretiratuen bazkaria, gurdi ikusgarriak eta herri kirolen erakustaldia ere izanen dira, bertzeren artean.

Horiek hala, Pasaiako eta eskualde osoko bizilagunek ez dute inolako aitzakiarik izango heldu diren ordu eta egunetan primeran pasatzeko, horretarako aukerak uneoro eta non-nahi izango baitituzte.

gaur, herri kirolak

Herri kirolak izanen dira 20.00etan. Donato Larretxea eta Berberena, Fausto Mugerzaren eta Olasagastiren kontra lehiatuko dira. Iñaki eta Inazio Perurenak, aldiz, Aimar Irigoieni eta Izeta II.ari joko diete erronka.

astelehenean, aio

Etzi erranen diete herritarrek sanferminei heldu den urtera arte, eta agurra behar bezala egiteko haurren jolasak, xake txapelketa, pottokak, bigantxak eta gaztelu puzgarriak prestatu dituzte, baita Pobre de mi ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo