GARA > Idatzia > Arrauna

TKE Liga

Galizian banatuko dituzte urteko lehenengo puntuak

Lehen estropada jokatuko dute gaur O Groven; bigarrena, berriz, bihar izango da Boiroko uretan. Garaipena eskuratzeko lehia oso irekia aurkezten da aurten Ligaren hamabi traineru artean

Aritz SORZABAL | DONOSTIA

Traineru Kluben Elkarteko (TKE) Ligako lehen bi estropadak ospatuko dira gaur eta bihar Galiziako uretan. Arratsaldean (18.30ean, ETB1), O Groveko Bandeira Outon Xunqueiriña jokatuko dute TKE Liga osatzen duten hamabi traineruen artean.

Igandean (12.00etan, ETB1), berriz, Boiroko Bandeira del Concellori egokituko zaio txanda. Bertan ere hamabi traineru horiek izango dira, hauexek, alegia: Mecos, Cabo Da Cruz, Hondarribia, Castro, Pedreña, Zarautz, Orio, Arkote, Zumaia, San Pedro, Urdaibai eta Laredo.

Gaurko estropadari dagokionez, hiru txanda dira O Groven. Lehenengoan Mecos, Orio, Cabo Da Cruz eta Laredo izango dira; bigarrenean, Zumaia, Arkote, San Pedro eta Hondarribia; eta hirugarrenean, Zarautz, Castro, Pedreña eta Urdaibai.

Denboraldiko lehenengo hamabi puntuak nork eskuratuko dituen ikusteko dago, aurtengo TKE Liga oso irekia aurkezten baita. Hondarribiak joan den urtean eskuratutako txapela defenditzea eta berriro janztea izango du helburu. Erregulartasuna bere alde du, nahiz eta azkeneko Kontxan parte hartzeko paradarik ez zuen izan sailkapena lortzeko erlojupekoan kanpoan geratu zelako.

Era berean, Ligako lehenengo postua lortzeko lehian beste hiru euskal traineruk aukerak dituzte: Orio eta Urdaibai.

Urdaibaik, bere aldetik, bi urtez zailtasunak pasatu ondoren, fitxaketa asko egin ditu. Bermeotarrek arraunlariez osatutako selekzio indartsu bat osatu dute. Batzuk lehen aldiz iritsi dira eta beste batzuk bueltatu dira.

Gainerako traineruei dagokienez, Castro eta Pedreña saiatuko dira euskaldunek garaipenaren monopolioa eskura ez dezaten. Castrok berritu du ontzia; eta Pedreñak denboraldi-aurre bikaina egin du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo