GARA > Idatzia > Kultura

Koldo Zubeldiak «Sentimenduen erresuma» bigarren poesia liburua plazaratu berri du

Koldo Zubeldia Zaldibiako poeta da. «Sentimenduen erresuma» deituriko liburua argitaratu du Hauts Urdina argitaletxean. Bere bigarren liburu horretan berak bizitako esperientziekin egingo du topo irakurleak.

Jon CABANILLAS | DONOSTIA

«Sentimenduen erresuma» Koldo Zubeldiaren (1956) bigarren liburua da. Bere iazko liburuan, «Alamartxo ahantzia» lanean, konpromiso soziala zen funtsa. Bigarren honetan, aldiz, bere barrutiko sentimenduak azalaraztea du xede nagusi, «malkoez eta penaz inguratuta dagoen poetaren negarrarekin», Zubeldiak berak esan duenez.

Zubeldiak Zumarragan poesia errezitaldi bat eman zuen iazko urrian, eta ordudanik pentsatu zuen liburu hori egitea. Bigarren lan hori kaleratzeko arrazoietariko bat, idazleak aitortu duenez, «sentimenduak azalarazi beharra» izan da, eta bere «arrazoi poetiko existentzialak» idatzi ditu.

Lan horrek aurrekoarekin dituen ezberdintasunak nabarmenak dira, poetaren iritziz. «Esanahi aldetik sakonagoa da. Adibidez, gabeziari buruzko poematxo batzuk daude -`Besorik ez zuen eta lana egiten zuen. Hankarik ez eta ibili. Bururik ez eta bizi', dioena, esaterako-. Nolabait larritasuna, ezinegona... islatzen dute. Niri hondo-hondoraino sartzen zaizkidan hitzak dira, eta irakurlea horretaz pentsatzera bultzatzen dute».

Poetak irakurleei «sentimendua» eskaintzen die lan horrekin. «Askok ez dute ezer jakin nahi poetaren pena eta malkoekin. Baina poeta sentitzen garen gehienok pena eta malkoetan itotzen gara, nahiz eta egoera horretatik ateratzeko ahaleginak egiten ditugun. Poetaren sentimendu horiek maitatzen dugun norbait galtzen dugunean ulergarriagoak dira. Hor ikusten da poetak sentitzen duen pena», azaldu du. Ama zuenaren omenez, poesia bat sartu du, hala, liburuan.

Izenburuaren ideia

Gaztea zenetik gustuko zuen poesia liburu batek eman zion izenburua hautatzeko ideia Zubeldiari. Zuzenbideko ikaslea zen garaian, Koldo Izagirre zuen irakasle, eta «Balizko erroten erresuma» poesia-liburua idatzi zuen. Hortik atera du Zubeldiak berak «Sentimenduen erresuma» titulua.

Osterantzean, argitalpen berri horren aurkezpena bera ere erakargarria da oso, eskutitz forma baitu. «Hauts Urdina argitaletxearen ordezkari Iñaki Astarrikaren ideia izan zen. Zumarragan egindako poesia errezital- dian liburua publikatzea proposatu zidan», esan du poetak.

Bestalde, liburua Olatz Goibururen margoekin atonduta argitaratu dute. Zera nabarmendu zuen Zubeldiak horren harira: «Nire poemen esanahiei erreparatuz gero, margolari honek errealitatearen krudelitateak sortarazten dituen sentimenduen errepresentazioa islatu du marrazkiekin».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo