Lau eta erdiko San Fermin txapelketako finala
Hogei egunean bigarren finala Aimar eta Abelentzat
Bi pilotariek elkarren aurka buruz buru jokatutako azken zortzi partidetatik bakarrean heldu da Abel Barriola atzelaria hogeita bigarren kartoira
Jon ORMAZABAL | GASTEIZ
Urteko txapelik preziatuena irabazteko finala jokatu eta hogei egun eskasera, Aimar Olaizolak eta Abel Barriolak beste final bat jokatuko dute gaur gauean -partida eguerdian jokatzen ez duten lehendabiziko urtea da-, Labrit pilotalekuan, eta festa giroan sartuta egongo da. Garrantzi aldetik, sanferminetako lau eta erdiko txapelak ez du orain gutxi Atano III.ean banatu zutenaren itzal laurdenik ere, baina tituluak beti dira garrantzitsuak, batez ere irabazten dituenarentzat.
Pronostiko guztietan Goizuetako aurrelaria faborito garbia den arren, gaurko aukera oso polita da Abel Barriolarentzat, ez bakarrik osatu dela txapel bat irabazita baieztatzeko; Aimarrekin sartuta duen arantza kentzeko ere oso baliagarria izan daiteke.
Iaz Martinez de Irujori kaiolan ere txapeldun izan daitekeela sinesteko balio izan zion bezala, sanferminetako lau eta erdiko finalak Aimar Olaizola garaitu dezakeela sinesteko balio diezaioke Leitzakoari. Izan ere, kantxatik kanpo lagun ona izanagatik, zuriz jantzita aurkaririk gaiztoena du egungo Buruz Buruko txapeldunak, eta elkarren aurka jokatutako azken hamalu partidetan, bitan baino ez da heldu Aspeko atzelaria hogeita bigarren kartoira. Buruz buru, zortzi aldiz jokatu dute, kaiolan eta kantxa osoan, eta Leitzakoaren garaipen bakarra iazko Lau eta Erdiko finalerdian gertatu zen Tolosan (22-20). Gainerako guztietan, azkeneko aurrekaria den Buruz Buruko finala barne, Goizuetakoa garaile izan da; nahiko markagailu erosoekin, gainera.
Baina San Fermin eguneko pilota festa ez da final horretara moldatuko. Izan ere, normalean finala jokatzen zuten ordutegian, hau da eguerdian, beste jaialdi bat antolatu dute enpresek, eta bertan emango zaio hasiera sanferminetako binakako txapelketari. Mikel Goñi Labritera itzuli ostean -Fernando Goñi lagun duela Leizaren eta Argoteren aurka jokatuko du-, Titin III.a eta Zubieta, maila bikainean ari dena, faborito gisa irtengo dira Bengoetxea VI.aren eta Otxandorenaren aurka.