Joan Mari Beloki Leitza
Sanferminak amaitzear...
...eta Nafarroa Garaian Gobernu autonomikoa oraindik osatzekoa! Azken hilabete eta erdi honetako gertakizun politikoak aurrerantzean gertatuko denaren adierazgarri argiak bilakatu direla pentsa liteke. Aipagarrienak, Iruñeko alkatetza UPNren esku geratu izana, PSNren abstentzioa dela medio, eta herrialdeko legebiltzarreko presidentea UPN eta PSNren botoak uztarri berean lotuta aukeratu izana, bigarrenik. Bistan da UPNk markatzen dion bidetik jarraitzeko hautua egin duela PSNk. Hauteskundeetan UPN galtzaile suertatu zela pentsatzeko zirrikitu bat ireki zen, CDNrekin batera gehiengo absolutua lortu ez zuelarik. Bihotzak bultzatuta, gainerako indar politikoek aldaketa politiko esanguratsua eragiteko bat eginen zutela pentsatzeko bidea ere zabaldu zen. Baina sei aste hauek nahikoak izan dira aldaketa politikoa ez dela gertatuko antzemateko. Ez naiz aztia, baina hurrengo lau urte politikoek aurrekoen ildo beretik jarraituko dutela eginen nuke apustu. Izan ere, eraginkorra izateko, NaBaik hutsune nabarmen bat baitu: aldaketa politiko sakona nahi duten herritarren multzo handi bat falta du bere baitan. Eta falta den multzoa da, hain zuzen, Euskal Herrian aldaketa politikoa gerta dadin ondorio bortitzenak ordaintzen ari dena, atxiloketak, torturak, kartzela, oinarrizko eskubideen ukazioa, instituzioetatik kanporatua izatea eta abar luze baten bitartez. Gertakizun batek soilik alda lezake norabide hau, nire ustez: aldaketa politikoa nahi duten herritarren eta taldeen akordio estrategikoa, epe luzeari begiratuko diona alegia. Bitartean, NaBai eta bera bezalako aliantzek ibilbide motza izanen dute. Esaera zaharrak dioen bezala, «gezurrak hanka motzak» baititu. Eta gezurra diot, gezurtzat jotzen baitut egun Nafarroa Garaian aldaketa posible dela esatea, ezker abertzalea alboratuta. Zergatik ez da antolatu herrialde honetan ere, Iparraldean antzera, abertzale guztientzat zabalik legokeen aliantza bat? Iparraldean bezalaxe, Nafarroa Garaian PNV abertzaleon batasuna eraikitzeko oztopo nagusia bihurtu dela dirudi. NaBaiko kideen konplizitateak babestuta, noski.