GARA > Idatzia > Euskal Herria

Europan Euskal Herriak du poliziakide gehien

Euskal Herriko militarizazioa kasualitatea ez dela argi azaldu du Askatasunak, Euskal Herriaren ukazioa bermatzeko baitaude poliziakideak. Hala, astelehenean, Karmen egunean, Donostiako Goikoa Jauregian egingo duten elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du taldeak.

p013_f01.jpg

Gari MUJIKA |

Euskal Herria herri ukatu dela errealitatetik abiatuz gero, Askatasunak honakoa esan du: «Ukazio egoera hori iraunarazteko ezinbestekoak dira egitura eta gorputz errepresiboen existentzia eta erabilera sistematikoa». Are gehiago, gatazka politikoaren erroak diren lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea ukatzen jarraitzeko daude euskal herrialdeetan 33.567 poliziakide edo agente armatu.

Errepresioaren aurkako erakundeko Xabin Juaristik Donostian azaldu zuenaren arabera, Europako beste herrialdeekin alderatuz gero, Euskal Herria da poliziakide-ratio handiena duena: 11,23 poliziakide baititu mila biztanleko. Estatu espainolekoa, aldiz, 5ekoa da, eta NBEren gomendioa, «demokrazia osasuntsua izan dadin», mila biztanleko hiru poliziakide dira.

Estatu espainoleko eta frantseseko poliziek eta armadek Euskal Herrian duten presentzia masifikatua izan zuen hizpide atzo Askatasunak. «Indar okupatzaileek» Euskal Herritik alde egiteko exijitu zuen. Gainera, eskaera hori garrantzitsua dela agertzeko, adibide ugari eta beste hainbeste datu eman zuen Xabin Juaristik.

Guantanamo erako demokrazia

Hala, gogora ekarri zuen azken 30 urteotan 319 euskal herritar hil direla errepresio politikoaren ondorioz.

Zendutakoak hirurehundik gora badira ere, 4.000 herritar baino gehiago preso egon direla azaldu zuen. Orotara, 35.164 lagun baino gehiago atxilotuta egon direla azaldu zuen, eta zazpi mila lagunetik gora polizia indarrek torturatu dituztela. Gainera, «Euskal Herriari ostutako» 40,2 milioi metro karratutan banaturik, 160 polizia-etxe eta kaserna militar daudela esan zuen.

«Guantanamizatutako demokraziatzat» jo zuen Askatasuneko ordezkariak Euskal Herriko egoera. Juaristirekin batera, prentsa agerraldian, Mikel Egibar egon zen, hamar egunez Guardia Zibilen esku inkomunikaturik eta torturatua izan zena. Baita Ane Auzmendi legebiltzarkidea ere, orain hilabeteak guardia zibilek ordu eta erdi baino gehiago errepide kontrol batean eduki zutena.

Askatasunak hau esan zuen: «Gatazka betikotzeko ekarritako polizia eta militarrek ez dute tokirik Euskal Herrian. Gerra estrategiaren arma dira. Eta salbuespeneko egoera eragin eta askatasun eta eskubide demokratiko oinarrizkoenak era sistematikoan zanpatzen dituzte».

Eta Euskal Herritik alde egin dezaten, ondoko bost puntuak modu mailakatuan gauzatzea proposatu zuen Askatasunak: «Atzerriko indar polizial/militarrak kuarteleratzea; indar militar eta polizial espainiarrak eta frantziarrak aldentzea Euskal Herritik; bertoko indar polizialen demokratizazioa; polizi azpiegiturak desagertzea; eta polizia eredu berria osatzea Euskal Herriarentzat».

POLIZIakideEN ESKU

Idoia Garmendia Ordiziako presoa Polizia espainolen esku utzi zuten Port Boun jendarmeek. Haiek Garmendia atxiloturik eraman zuten Madrilera eta haren aurka ezer ez dagoela ziurtatu ostean, aske utzi zuten.

elkarretaratzea

Karmen egunean, astelehenean, Armada espainolak Donostian urtero egin ohi duen desfilea salatzeko elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du Askatasunak. 12.00etan, Goikoa Jauregian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo