Sega Bizkaiko Txapelketa
Lapazaranek bere herrialdean errege izaten jarraitu nahi du
Goioaga, Etxeberria, Albizua eta Gondra ere arituko dira lanean gaur arratsaldean Otxandion jokatuko duten finalean
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Bizkaiko Segalarien Txapelketa jokatuko dute gaur, Otxandion, Olaeta auzoan, 18.00etan. Bertan, hauek izango dira lehian: Goioaga, Etxeberria, Lapazaran, Albizua eta Gondra. Kirolariek ordubete izango dute segan aritzeko, eta belar kilorik gehien ebakitzen duen segalariak eramango du txapela.
Bizkaian, gaur egun, Lapazaranengandik besteetara alde handia dago, eta egungo txapeldunak ez luke inongo arazorik izan behar txapela janzteko. Iaz ere alde handia kendu zien gainerakoei, eta gaur ere ez litzateke harritzekoa izango gauza bera gertatzea.
Hortik aurrera zer gertatuko den jakitea oso zaila da, Bizkairako izena eman duten guztietatik bik bakarrik hartu baitute parte Euskal Herriko Txapelketan: Lapazaranek eta Goioagak. Beste guztiak ikusteko lehen aukera gaur izango da, eta zer-nolako maila duten jakitea ez da erraza izango.
Goioaga da Lapazaranengandik gertuen ibili behar duen segalaria, baina oso zaila izango du txapeldunari gaina hartzea. Hori lortuko balu, behintzat, sekulako ezustea izango litzateke, baina bera saiatuko da.
Kepa Albizuarengan ere itxaropena dute zaleek. Lehen, Arabako lehiaketan aritzen zen, baina herrialde horretan orain txapelketarik egiten ez dutenez, eta Bizkaian bizi denez, herrialdez aldatu da. Maila ona eman duen segalaria da, baina aurten oraindik ez da plazan aritu, eta bere maila nolakoa den jakitea ez da erraza.
Gondra ere urtero aritzen da Bizkaiko Txapelketan. Lehen, Euskal Herrikoan ere izaten zen, baina denak nahi bezala prestatzeko astirik ez, eta azkenaldian bere herrialdekoan bakarrik ateratzen da. Hura betiko moduan joango da, ahalik eta lanik onena egin, eta ahalik eta posturik onena lortzera. Horrekin konforme litzateke.
Guztietan ezezagunena Etxebarria da. Hura ere ahalik eta lanik onena egitera joango da, eta horrekin batera ahalik eta posturik onena lortzera. Jakin denek badakite ia ezinezkoa izango dela Lapazaran gainditzea, eta bigarren postu hori dute gehienek begiz jota, baina postu horretarako ere bat baino gehiago dago, eta ez da batere erraza izango.
Lehiaketa hori amaitzen denean, betiko erako probetan, Euskal Herriko finala bakarrik geratuko da jokatzeko.
Bizkaian ez da ia izen berririk agertzen, eta gaur lehian arituko diren bostak dira ezagunak. Hala ere, finalean bost izatea ez da gutxi, eta horri eusten badiote, ez dira gaizki izango
Gaur, 17.00etan jokatuko dute, Mutrikun, Lur gaineko Euskal Herriko Txapelketako 600 kiloko azkeneko jardunaldia, eta Goiherrik eskura dauka txapela.
Horretarako, Gaztediren aurretik amaitzea nahikoa izango du. Aipaturiko bi talde horiez gain, Goiherri B, Gaztedi B, Mutriku eta Areso ere neurtuko dira, eta oraindik hirugarren postua ere erabakitzeko dago.
Bihar, Barrikan, 12.00oetan jokatuko dute 560 kiloko lehenengo jardunaldia. Han, gaur Mutrikun arituko diren talde guztiak izango dira Mutriku izan ezik, pisu horretan ez baitu talderik aurkeztuko. Gaztedi A eta Goiherri A izango dira faboritoak, eta lehen jardunalditik izango da lehia.