GARA > Idatzia > Editoriala

Euskal etxeak etorkizunari begira

Gasteizko Legebiltzarra 1994an erabaki zuen lau urtean behin Euskal Gizataldeen Mundu Batzarra egitea. Lehen edizioan bildutakoen artean, kezka bat izan zen nagusi: nola atera euskal etxeak zituzten krisialditik, nola lortu euskal etxeak mantentzen. Hamabi urteren bueltan egindako Mundu Batzarrean 18 herrialdetatik etorritako 150 lagun bildu dira, berrogei euskal etxe inguru berri sortu dira... Egoera nahikoa finkatuta dagoela esan daiteke. Hori dela-eta, gaur egungo kezka nagusia guztiz bestelakoa da: euskal identitatearen transmisioa nola gauzatu daitekeen garai berrietan. Atzo amaitu zen, Bilbon, Euskal Gizataldeen IV. Mundu Batzarra, eta onartutako ondorioetara begiratuz gero, munduan zehar barreiaturik dauden euskal etxeak etorkizunari begira lanean jarri direla argiki antzematen da.

«Zubigintzan» izan da Batzar horren lelo nagusia: «Euskal Etxeak hainbat belaunalditako euskal herritarren arteko zubia izan behar du; atzerrira joandako emigranteak hartu dituzten herriekin eta Euskal Herriarekin lotuko dituena; gaur egungo identitatea gure arbasoen identitatearekin lotuko duena», Gloria Totorikaguenaren hitzetan. Izan ere, Batzarrean erabilitako sinbologiari begiratu bat egitea nahikoa izan da ikusteko euskal etxeetan euskal identitatearen oso isla mugatua ematen dela, gaur egungo mundu globalizatuan, eta batez ere gazteentzat, xarma gutxi daukana.

Etorkizunari begiratzeko nahiak eraman ditu euskal etxeak gazteei protagonismo berezia ematera gaur amaituko den bilkuran. Eta hala jarraituko omen du izaten datozen lau urteotan behinik behin. Agian, horrek emango die euskal etxeei transmisioaren kezkatik praktikara igarotzeko aukera, eta IV. Batzar horretatik ateratako konpromiso nagusietako bat betetzeko aukera. Izan ere, euskara izango da haien lanaren ardatz nagusia eta asmoak errealitatean gauzatu behar direla pentsatuta-edo, Euskal Gizataldeen V. Mundu Batzarrean euskara izango dela hizkuntz ofiziala deliberatu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo