GARA > Idatzia > Kultura

«Lan hau geuk aukeratzen dugu; ez gaitu berak hautatzen»

p043_f01_199x124.jpg

Asier HORMAZA

AKTOREA

Telebistan, antzerkian eta pantaila handian aritu izan da bizkaitarra. Rol komiko eta dramatikoak tartekatzea gogoko du, eta paper zailei aurre egiten badaki. «Eutsi!» filma izan da bere azken lana, eta horrekin, euskal zinemagintzari bultzada ematen lagundu du. 1996an estreinatu zen mundu horretan, baina bere ibilbideak ez du amaierarik ikusten. Aktore honek oraindik asko du interpretatzeko.

Ianire RENOBALES | BILBO

Mota askotako paperak antzezten ditu. Bere lanbidean esperientzia handiko gizona denez, maisu lanetan dabil egun hauetan Sarrikon.

Bilbao Arte eta Kulturan ikastaro bat ematen ari zara. Zein da helburua?

Umorearen generoak aztertzea. Aktorearen ikuspegitik nola lantzen den hau azaltzea tokatu zait niri; behintzat, neure esperientzia kontatzeko.

Nondik datorkizu antzezpenerako zaletasuna?

Ez dakit nondik datorren zaletasun hau, baina datorrela badakit. Egia da harrapatu egin dudala eta zentzua eman diodala. Ez dakit burmuinaren sakon-sakonean dagoen nonbait edo norberaren izaeran dagoen.

Zer nahiago duzu, antzerkia edo pantaila handia?

Zaila da esatea. Interpretatzeko modu ezberdinak dira, eta bat aukeratzea lan nekeza da. Ezin dut bat aukeratu. Seme-alaba asko izanda zein maite dugun gehien galdetzea bezalakoa da.

Nola moldatzen zara hobeto, paper umoretsuekin edo serioekin?

Bietan nahiko eroso sentitzen naiz, eta gustatzen zait, nolabait, umorea eta paper serio horiek tartekatzea. Orain, «Pilotari» telesailean ari naiz lanean, eta hor paper serioa egiten dut, erabat. Ez dago komedia inondik inora. Baina antzerkian momentu honetan komedia lantzen ari naiz.

Zein izan da gehien kostatu zaizun papera?

«Sorginen Laratza»n nahiko pertsonaia zailak tokatu izan zaizkit. Batean, antena paraboliko baten papera antzeztu behar izan nuen! Guztiak dira zailak, denei aurre egin behar zaie. Nik paper denei errespetua diet.

Eta egindako lanik bikainena?

Etortzeke dago! Esan ditzaket zeintzuk izan diren esanguratsuenak edo neure bizitzan garrantzitsuenak eta funtsezkoenak. Telebistan, «Sorginen Laratza»koak dudarik gabe; eta zineman denak izan dira inportanteak, egia esan.

Zer da errazagoa, kamera ala publiko aurrean antzeztea?

Publiko aurrean antzezteak arazo bat dauka: epaileak hor daudela eta bat-bateko erantzuna eman behar zaiela. Kamera aparatu bat da, eta ez da zama hori izaten.

Badirudi azken denboraldi honetan euskal zinemagintza susperraldi bat izaten ari dela. Horrela dela uste al duzu?

Esnatu egin dela dirudi baina orain gauzak aldatu egingo dira Administrazioaren aldetik eta diru-laguntzen aldetik. Horrek normaltasun batean sartzea bermatuko du. Hemendik aurrera espero dugu hainbat eta hainbat proiektu ateratzea.

Zer iruditzen zaizu «Eutsi!» filma euskaraz soilik proiektatu izana?

Euskal Herrian gaude, hori da gure kultura eta adierazgarri bat beharrezkoa da. Hala ere, nik ez dut esaten gaztelaniazko pelikulak egin behar ez direnik.

Euskal aktore batek, lehenik eta behin, euskal filmak sustatu beharko lituzke?

Errealitatean oso gauza puntualak dira. Aktore batek zein hizkuntzatan lan egin behar duen norberak ikusi behar du. Nire azken bi pelikulak erdaraz izan dira eta hemen sortuak dira; bata, Donostian, eta bestea, Nafarroan. Hala ere, beharrezkotzat jotzen dut urtean euskaraz film bat baino gehiago egitea normaltasunean sartzeko.

Desberdintasunak edo zailtasunak daude Euskal Herrian eta kanpoan grabatzearen artean?

Alde teknikoari begira, ez dut desberdintasun handiegirik sumatu. Hemengo lan-taldeek kanpoan ere dihardute.

Zer ezaugarri izan behar ditu aktore izan nahi duen batek?

Funtsezkoena motibazioa da. Lan hau geuk aukeratzen dugu; ez gaitu berak hautatzen. Beraz, tinkotasuna eta pazientzia beharrezkoak dira. Bestalde, gauzak beste modu batera kontatzeko grina ere izan behar da.

Geroari begira, zein proiektu dauzkazu?

Telebistan «Pelotari» telesaila grabatzen ari naiz, eta antzerkian, Gontzal Mendibilen «Arrupe» lanean parte hartuko dut. Beste proiektu batzuk dauzkat, baina oraindik airean daude.

PERTSONAIAK

«`Sorginen Laratza'n nahiko pertsonaia zailak tokatu izan zaizkit, nahiz eta kanpotik errazak iruditu. Batean, antena paraboliko baten papera antzeztu behar izan nuen!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo