GARA > Idatzia > Euskal Herria

Errausketaren proiektuaz moratoria eta herri kontsulta loteslea eskatu ditu EAE-ANVk

Errausketaren inguruko eztabaida berpiztu, eta alderdi ekintzaileak proiektuaren moratoria eskatu du. Horretaz gain, herri kontsulta lotesle bat aurrera eramateko ere galdegin dute Gipuzkoan.

p015_f02.jpg

GARA |

EAE-ANVk Donostialdean ezartzea aurreikusten duten errausketa plantaren proiektuaz moratoria eta herri kontsulta loteslea galdegin zuen atzo herrialdeko hiriburuan egindako prentsa agerraldi batean. Halako proiektuetan herritarrek eztabaidatu eta parte-hartu behar dutela adierazi du alderdi ekintzaileak. Are gehiago, epaitegi espainolek hainbat udalerritan EAE-ANVko zerrendak legez kanporatu zituztela kontuan hartuta, herrialdeko mankomunitateen egungo osaketa ere behar lukeena ez dela izango salatu zuten.

Alderdi ekintzaileko Pasaiako alkate Maider Zigandak, herri berean EAE-ANVko zinegotzi Obdu Lorenzok eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagai eta hautetsi Idoia Iberok prentsa agerraldia egin zuten atzo Donostiako San Sebastian Hotelean, eta bertan eman zuten aditzera alderdi ekintzaileak errausketaren gainean egiten duen hausnarketa.

Nahiz eta alderdi ekintzailea errausketa metodoaren aurka egon eta, beraz, baita errausketa planta eraikitzearen aurka ere, proiektu horren inguruko eztabaida sustatzearen ezinbestekotasunaz aritu ziren. Hala, Donostialdean ezarri nahi den errausketa plantaren proiektuaz moratoria eskatu zuen, bai eta herri kontsulta loteslea gauzatzeko galdegin ere. Pasaiako alkateak aditzera eman zuenaren arabera, «horiek baitira tresnarik eragingarrienak benetako demokrazia lortzeko».

Mankomunitateak ezbaian

Zigandak ez zuen atzokoan ere Markel Olano ahaldun nagusiari erantzuteko aukera galdu.

Politikari beasaindarrak kargua hartu zuen egunean, joan den astean, mankomunitateek errausketaren gainean erabakitzen dutena errespetatzeko konpromisoa hartu baitzuen.

Pasaiako alkateak argi asko azaldu zuen mankomunitateetan izango den ordezkaritza ez dela benetakoa izango. Hala, gogora ekarri zuen makina bat herritan EAE-ANVko zerrendak alboratu zituztela eta, ondorioz, erakunde horiek ez direla benetako ordezkaritzetan oinarrituko salatu zuen.

Buen (PSE): «Zabortegia ireki nahi badute, nire hilotzaren gainetik pasatu beharko dute»

Miguel Buen Gipuzkoako PSEko idazkari nagusi eta herrialdeko batzarkideari ez zaio batere ondo iruditu Markel Olano ahaldun nagusiak errausketa plantaren etorkizuna Gipuzkoako mankomunitateen esku utzi izana. «EAJk eta EAk ezin dituzte eskuak garbitu», salatu zuen Buenek alderdion aurka gogor ekinez.

Baina hitz gogorragoak erabili zituen ondotik. «San Markosko zabortegia berriro irekitzea aurreikusten badute, nire hilotz politikoaren gainetik pasatu beharko dute», adierazi zuen gogor Buenek. Batzar Nagusietan aritzeaz gain, Miguel Buen, gainera, urteetan Errenteriako alkate lanetan aritu izan da.

«Erabat eskandaluzkoa eta arduragabea da. Segur aski, EBren abstentzioa ziurtatu, eta ahaldun nagusi izendatzea lortuko du, Olanok mankomunitateez, PIGRUGez eta orain artean egindako lan guztiaz desmarkatzea ontzat jo izanak; mankomunitateen eta Donostiako Udalaren artean sinatutako akordioa ere», salatu zuen gogor eta errausketaren gainean «idatzizko konpromisoak» daudela gaineratu zuen. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo