GARA > Idatzia > Euskal Herria

Asteburuan Antzuolako jaiak puntu gorenera iritsiko dira

Mairuaren Alardea gaur izango da, arratsaldeko seietan. Hala ere, festetako ekitaldi nagusiaz gain, euskal dantzak, musika eskaintza eta euskal giroa izango da Antzuolako kaleetan zehar asteburu osoan.

p019_f03_148X104.jpg

Jokin BEREZIARTUA |

Herri txikietako jaien berezitasunak, euskal herri-giroa eta euskal dantzak gustuko dituenak Antzuolako jaietan aukera paregabea dauka asteburuan. Izan ere, gaur izango du Antzuolako herriak egun handia, festetako puntu gorena.

Jaietako egun handian, goizeko hamarretatik, txistu-doinuek eta kanoien danbatekoek «gozotasuna eta zalaparta uztarturik esnatzeko ordua» dela adieraziko diete antzuolarrei. Ordubete geroago, umeentzako herri kirolak antolatu dituzte Herriko Plazan, eta eguerdian, bestalde, Bergarako udal musika bandak kalejira eta emanaldia egingo ditu Alfredo Gonzalez Chirlaqueren zuzendaritzapean.

Hala eta guztiz ere, Mairuaren Alardea izango da, urtero bezala, jende gehien erakarriko duen ekitaldia, eta arratsaldeko seietan Antzuolako kaleak jendez lepo izango dira.

Arma-erakustaldi horretan, txistulariek irekitzen dute desfilea, Alardearen martxaren doinua joz eta danbor-jotzaileen laguntzarekin. Horien atzetik, Alardeko Adalid edo buruzagia doa zaldian, eta astakume baten gainean, belztuta eta preso, Mairua. Azkenik, gastadoreek eta eskopetari talde batek ixten dute historiaz jositako martxa.

Alarde berezi eta ospetsua Herriko Plazan amaitzen da, Mairuak Adalid-en aurrean «Euskal Herriaren mendekotasuna» onartu ostean. Jaietako egitaraua ez da Alardera mugatzen.

Desfilearen ondoren, adibidez, Oinarin dantza taldeak dantza saioa egingo du.

Dantza eta musika

Gau aldera, bestalde, musika eskaintza zabala izango da. Alde batetik, Joselu Anaiekin dantzaldi-erromeria izango da, Herriko Plazan. Zurrategi plazan, beste alde batetik, soinu elektronikoak izango dira Dj Bull tolosarraren eskutik.

Bihar, jaien azken egunean, ekitaldi nagusien artean hauek nabarmen daitezke: umeei zuzendutako Oihulari Klown taldearen kale antzerkia, auto zaharren erakusketa -arratsaldeko seiak arte izango dira ikusgai-, herritarrek dantzatu ohi duten larrain-dantza eta Unsain Anaien erromeria.

Jaietan ere euskal presoen egoera salatuko dute antzuolarrek

Aurtengo jaiez arduratu den antolakuntzak euskal preso politikoen aldeko ekitaldia eta omenaldia iragarri ditu gaurko.

2007ko egitaraua prestatu duten kolektiboek, hala nola Antzuolako Udalak, Gazte Asanbladak, erretiratuek, Pausokak, txistulariek, Mairuaren Alardea Kultur Elkarteak, Euskal Herrian Euskaraz-ek, Presoen lagunek eta Askatasunak, euskal presoen eskubideen aldarrikapenarekin bat egingo dute. Ekitaldia arratsaldeko zortzietan izango da, Zurrategin.

Omenaldiaren antolatzaileek, bertaratzeko deia egiteaz gain, Zurrategiko plazara joaten diren guztiei txorizoa eta sagardoa emango dietela adierazi dute.

Beraz, Antzuolako jaietan ere jaiak bat egingo du euskal preso politikoen aldeko aldarrikapenarekin. J.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo