GARA > Idatzia > Pilota

San Fermin Torneoa

Aimarrek ere huts egiten du oso noizean behin bada ere

Goizuetakoaren hiruzpalau akatsek erabaki zuten osteguneko partida gogor bezain ikusgarria. Beraz, Xalak eta Lasak jokatuko dute gaur gaueko finala.

p040_f02_97x104.jpg

OLAIZOLA II-BEGINO 18

XALA-LASA III 22

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Xalak eta Lasa III.ak jokatuko dute gaur gauean Labriten (22.15, ETB-1) San Fermin Torneoko final nagusia Gonzalezen eta Barriolaren kontra. 2002ko Binakako txapeldunek sekulako partida jokatu zuten ostegun arratsean Olaizola II.aren eta Beginoren kontra, eta, lan handia eginda, merezita sailkatu dira finalerako. Hala, Aspek udako binakako lehen torneo garrantzitsuan garaipena ziurtatu du.

Harrigarria bada ere, Aimar Olaizola bera izan zen huts gehien egin zituen pilotaria. Goizuetarrari Aritz Beginori laguntzea egokitu zitzaion eta, azken txanpan, pilatutako nekeak hiruzpalau akats egitera eraman zuen. Beginok, aldiz, oso serio jokatu zuen eta normalean baino gutxiago galdu.

Xala eta Lasa, berriz, bikain ibili ziren. Atzelaria oso fresko aritu zen hasieratik, pilota aise eramanez, eta frontoian mugitu behar izan zuenean ere fin ibili zen. Horren adibide, gorputza luze-luze eginda txokoan eraman zuen pilota bat.

Txapelduna, zuzen

Baina denetan zuzenen aritu zena eta amaieran egindako tanto ikusgarriekin partida erabaki zuena Xala izan zen. Egungo aurrelari txapelduna hotz antzean hasi zen, baina partida amaieran Aimar Olaizolari aurrea hartu zion, baita tanto ederrak sartu ere. Aimarrek egin ohi duena Xalak berak egin zuen ostegun gauean.

«Oskarrek oso partida ona egin du eta horri esker nik tantoa amaitzeko aukera izan dut aurreko koadroetan. Begino ere ongi ibili da eta azkenean Aimarrek huts egin du. Gonzalezen aurka jokatzea pozgarria da niretzat, eta ziur nago finalaren ostean, galdu edo irabazi, parranda pixka bat egingo dugula», adierazi zuen irribarretsu Lekuineko aurrelari biziak.

Iruñea

Apezetxea-Apeztegia 18 / Olaetxea-Rai 13; Olaizola II-Begino 18 / Xala-Lasa III 22; Saralegi-Mendizabal II 22 / Berasaluze IX-Nalda III 7.

Euskal

Larrea-Astibia 35 / Zalakain-Etxezabal 30; Uterga-Urrutia 40 / Juaristi-Etxabe 37; Urriza-A.Lekunberri 35 / Sarasua-Aizpuru 40; Iribarren-Martinez I 13 / Bereziartua-Zubizarreta 30.

Iruñea (22.15)

Mendizabal-Mendizabal II / Berasaluze IX-Elkoro; Gonzalez-Barriola / Xala-Lasa III; Unanue-Zearra / Capellan-Eulate.

Euskal (16.00)

Gorriz-Aizpurua II / Ibarzabal-Urko; Ezkurra-Olazar / Zeberio II-San Miguel; Juaristi-Eizagirre / Matxin III-Etxeberria III; Matxin IV-Auzmendi / Uterga-Ion.

Iruñea (12.00)

Altadill-Imanol / Urkia-Velilla; Fusto-Rekalde / Gaubeka-Lujan.

Berriatua (22.30)

Mikel-Mugartegi / Lekue-Arriola; Alberdi II-Alberdi III / Arrieta-Enbil.

OLAIZOLA II-BEGINO

18

XALA-LASA III

22

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo