GARA > Idatzia > Kirolak

ARRAUNA San Miguel Liga

Galizian gertatutakoa ikusita edozer espero daiteke gaur arratsaldean Pedreñan

Orio, Urdaibai eta Hondarribia txanda ezberdinetan arituko dira gaur ere

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Aurreneko asteburuak eman zituen ezusteko eta buruhauste guztien oihartzuna erabat amaitu aurretik, gaur arratsaldean ekingo diote San Miguel Ligako hamabi traineruek denboraldiko bigarren asteburuari. Hain zuzen ere, txandak zozketa bidez erabaki diren azken bi estropadak izango dira.

Pedreñako III. Marina de Cudeyo Bandera gaur 18.00etan hasiko da. Lehen txandan, San Pedro, Zumaia, Arkote eta Hondarribia irtengo dira. Bigarrenean Pedreña, Castro, Mecos eta Orio. Eta hirugarrenean Cabo, Laredo, Urdaibai eta Zarautz. Iaz Hondarribia izan zen azkarrena Pedreñan.

Faborito nagusiak -Orio, Urdaibai, Hondarribia eta Pedreña- hiru txanda ezberdinetan banatuta daude eta estropada eremuan egon daitekeen haizeak eta korronteak sekulako garrantzia izan dezake.

Itsasgora 17.30ean dela kontutan hartuta, eremua ezagutzen dutenek bigarren txandatik aurrera korronteak gauzak zailduko dituela diote, nahiz eta haizeak ere behera egitea espero den. Horien ustez, lehenengo txandako ontziek baldintza hobeak izango dituzte arraun egiteko. Hala ere, aurreko bi urteetan hirugarren txandako ontziak gailendu izan dira.

Galizian ez bezala, gaurko estropadan Hondarribia lehen txandan arituko da eta aukera ona izan daiteke gipuzkoarrentzat aurreko asteko emaitza txarrak ahaztu eta sailkapenean gora egiteko. Lidergoan Orio dago 24 punturekin, Urdaibairen (22) eta Laredoren (18) aurretik.

EUSKADIKO TXAPELKEta

Euskadiko Traineru Txapelketa uztailaren 31n jokatuko dute Donibane Lohizunen, 12.00etan. Gipuzkoako eta Bizkaiko Txapelketetan lehen lau postuetan sailkatzen diren ontziek lortuko dute bertarako txartela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo