GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Kolonbiako ereduari jarraitzen

Gaizka LASA

(Karpin-Galicia)

Iaz, Kolonbiako itzulia egitea tokatu zitzaidan, eta esperientzia aberasgarria izan zen alde askotatik begiratuta. Lasterketari dagokionez, zerbaitengatik dauka herrialde honek daukan fama. Igotzaile handiak eman ditu Kolonbiak, eta hori zergatik gertatzen den jakin nahi duena hango itzulia ikustera joan dadila. Oso menditsua da. Baina batez ere lasterketak mendian erabaki behar duela buruan oso errotua dute bertako txirrindulariek. Hein batean gauza psikologikoa da. Etapa batzuk lauak dira, eta mendia duten etapa batzuetan ere kilometro asko dira lauan egitekoak. Baina tarte horietan ez da lehia handirik izaten. Igoerarako uzten dituzte mugimendua, erasoak, ikuskizuna eta benetako lehiakortasuna. Frantzian, berriz, guztiz kontrakoa gertatu izan zait. Jo eta ke, sekulako borroka zelaian egin beharreko kilometroetan. Hasieratik, gainera; lasterketa luzea izan arren. Gero aldapa handi bat etorri eta batzuek hanka altxatzen zuten. Beste batzuek plater txikia jarri orduko jarrera lasaitzen zuten, eta askok ezin zuten azkar igo aurreko sufrimenduaren ostean. Kontuak kontu, malda izaten zen arnasa hartzeko unea. Bada, esan genezake Tourrean kolonbiar modura korritzen ari direla. Lehenengo kilometroetan egin da ihesaldia, eta bertan txirrindulari bat edo bi izan dira gehienetan. Gainontzekoak lasai, helmugatik gertu egon arte. Eta hare eta arraroagoa dena: aurrekoak ere nahiko lasai askotan. Gaurtik aurrera mendia dator, eta ea honekin batera lehiakortasun handixeagoa ere iristen den, ikuskizunaren mesedetan. Kolonbiar ereduari jarraitzen badiote txirrindulariek, behintzat, gozatu ederra hartuko dugu hemendik aurrera, aldapa ikusi orduko hankaz gora jartzen baita lasterketa. Espero dugu orain ereduz ez aldatzea, eta Frantziako jokamoldea ez hartzea. Horixe bakarrik behar genuen!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo