Garzonen protokoloak ez ditu eragotzi poliziakideen mehatxuak eta kolpeak
Iragan asteartean Araban atxilotutako lau gazteek mehatxuak jasan dituzte inkomunikaturik egondako egunetan, eta poliziakide espainolek zaplastekoak eman dizkiete. Gasteiztik Madrilerako lekualdaketa, gainera, «gogorra» izan zela azaldu diote gazteek abokatuari.
Iker BIZKARGUENAGA |
Baltasar Garzon epaileak, asteartean Gasteizen eta Agurainen Polizia espainolak atxilotutako lau gazteei aurretik beste zenbait atxiloturekin erabilitako neurriak ezarri zizkien, beren abokatuak hala eskatu ziolako. Besteren artean, galdeketak bideo kameraz grabatzea eta konfiantzazko mediku batek aztertzeko aukera izatea agindu zuen epaileak. Neurri horiek, edonola ere, ez zuten eragotzi poliziakide espainolek gazteen kontrako mehatxuak erabiltzea eta beraiei zaplastekoak ematea.
Izan ere, atxilotuen abokatu Iker Urbinak azaldu zuenez, atxiloketako une bortitzaz gain, inkomunikazioak iraun zuen bitartean, eta batez ere lehenengo uneetan, mehatxuak «behin eta berriro» errepikatu ziren, eta zaplastekoren bat ere jaso zuten.
Honekin batera, Gasteiztik Madrilerako lekualdatzea «gogorra» izan zela adierazi zioten gazteek euren abokatuari. Koldo Morenok, adibidez, mehatxuak jaso zituen bidai osoan, eta Xabier Fernandez de Gamarrari ukondokadak eman zizkion berarekin zihoan poliziakideak.
Bi gazte atxilotzeko agindua
Ostegunean hartu zien deklarazioa Garzonek lau gazteei, eta euretako hiru kartzelara bidali zituen. Koldo Moreno, Gorka Belasko eta Xabier Fernandez de Gamarra dira kartzelatuak. Urko Arroyo, berriz, libre geratu zen, nahiz eta astero epaitegian sinatu beharko duen.
Gainera, epaile espainolak Gasteizko beste bi gazte bilatu eta atxilotzeko agindua eman zuen. Bi gazteak, Auzitegi Nazionaletik adierazi zutenez, Fede Loma eta Ibai Peña dira.
Hain zuzen, Polizia espainola beren bila joan zen beste lau gazteak atxilotu zituen une berean, baina ez zituen aurkitu. Alde horretatik, Peñaren amak GARAri azaldu zionez, polizi operazioa oso bortitza izan zen, eta amak berak mehatxuak eta kolpeak jaso zituen. Gainontzeko etxeetan ere egoera oso antzekoa izan zen, eta Urko Arroyoren neskalaguna lurrera bota, kolpatu eta eskuak lotu zizkioten soka batez.
Atxiloketak eta kartzelatzeak salatzeko, manifestazio jendetsua egin zuten atzo Gasteizko kaleetan, eta ehunka lagunek salatu zuten Auzitegi Nazionalak agindutako operazioa.
Gaur ere, manifestazioa egingo dute Arabako hiriburuko Adurtza auzoan. Izan ere, atxilotutako gazteetatik bi, egun hauetan jaietan dagoen auzo horretakoak baitira.
Azken egunetan bezala, gaur ere manifestazioa egingo dute arabar gazteen atxiloketak eta kartzelatzeak salatzeko. 20.00etan abiatuko da, Adurtza auzoko San Cristobal elizatik.