GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kankailuen nazioarteko bilkura errenterian

Adin guztietako umeak sorginduko dira

Kankailuek haurrak eta haurrak ez direnak sorgintzeko dohaina dute. Musika aditu orduko txoriek bezain arin egiten dute dantza, zorabiatzeko moduko bueltekin gonak dotore hegaldaraziz. Igandean, nazioarteko bilkura dute Errenterian, buruhandiekin batera.

Maider IANTZI

Hamar urte dira Errenteriako madalenetan Landare Elkartea herritarrek hainbertze maite dituzten erraldoien eta beti ondoan izaten dituzten buruhandi bihurrien bilkura egiten hasi zela. Data hori gogotik ospatzeko, konpartsen nazioarteko kontzentrazioa prestatu dute iganderako. Koldo Mitxelena Plaza erakusketa ikusgarri bilakatuko da 10.30ean, eta bertan, Kataluniako Barbera del Valleseko konpartsak Erdi Aroa ekarriko du gogora, hamar zaldi ttipi bitxirekin eta garaiko txano, janzkera eta lantzariekin. Lehenbiziko aldiz bidaiatuko dute Euskal Herrira antzinako dantza ederrekin ikusleak aho zabalik uzteko. Valentziako Benetusserreko lau erraldoi eta zortzi buruhandi ere izanen dira gurean, eta, ohitura duten bezala, publikoarekin jostetan arituko dira, opariak eginen dizkiote eta irina bota ere bai. Bestaberri eguneko prozesioan parte hartzen dute aspalditik, eta herriko musika tresna zaharrak eta arropak ezagutaraziko dituzte.

Estatu frantsesetik ordezkari bat etorriko da Les Anglestik, 1.600 metroko altueran dagoen herri ttipitik. Eski estazioa duenez, jende ugari izaten da neguan, baina udan ere ez dute bisitari faltarik. Hagitz errotuta dauden bi erraldoi ekarriko dituzte: gizonezkoak elurrarekin du erlazioa, eta eskiatzeko jantziak ditu soinean; emakumeak nekazaritza giroa eta gastronomia erakusten ditu, eskualdeko produktu tipikoak eta belarrak eskuetan eta kapelu malgu hegalduna buruan. Pertsonaia gehiago ere badira: bi mando, idi bat eta hartz bat. Atzerriko azkeneko konpartsak, Soriako San Jorgekoak, Numantziako gerrak oroitaraziko ditu.

Etxalarko bikote baserritarra bilkuran izanen da, Gipuzkoako ordezkari ugarirekin batera: Hondarribia, Bidasoako Txaranga, Irrintzi, Oiartzun, Lezo, Pasaia, Errenteria, Galtzaraborda eta Pontika. Azken auzo horretan haurrek dantzarazteko erraldoiak egin ditu Victor Dominguez artisauak.

Irailean ekin zioten Landare Elkarteko kideek kontzentrazioa antolatzeari, hamargarren urteurreneko ekitaldia ahaztezina izatea nahi dutelako. Horietako batentzat, Jose Luis Insaustirentzat, oso berezia izanen da igandea, hamar urtez konpartsan lanean aritu ondotik utzi eginen duelako. Kankailu eta buruhandien zale amorratua da eta beti jarraituko dio taldeari, baina ez orain duen ardurarekin, bertze era batera baizik. Beraz, agur moduko bat ere bada beretzat bilkura hau, eta ilusio handia egiten dio patroiaren egunean izateak.

«Oso harro nago nire herriaz»

«Beste urteetan Udalaren eta elkartearen diruarekin moldatu izan gara, baina aurten ia hirukoiztu egin da kostua, eta hainbat enpresatara joan gara laguntza eske. Ahalegin handia egin dute ostalari, enpresa pribatu eta saltoki horiek. Oso harro nago nire herriko jendeaz», adierazi digu Insaustik. «Izan ere, herritarrek asko maite dituzte erraldoi eta buruhandiak. Urteak dira kalez kale saltoka eta dantzan dabiltzala, eta belaunaldi batzuek ikusi dute bilakaera hori. Orain gehiago ezagutzen ditu jendeak, eta gehiago estimatu ere bai», esan du.

Askotariko doinuek hartuko dute Errenteria Madalena Egunean. Goizeko hamarretan, hainbat jatorritako musika bandak aterako dira karrikara, baita Ereintzako, Lezoko eta Landareko txistulariak ere, Udal Musika Eskolako txikien laguntzarekin. Gainera, Amulletako Danbor Kofradiak lehenbiziko aldiz hartuko du parte ekitaldian, eta gogotsu astinduko ditu makilak giroa berotzeko.

Hamaiketako goxoaren ondotik, Landarek oroigarriak emanen dizkie konpartsei eta musika bandei. Bihotz Sakratua egoitzako zaharrak ere izanen dituzte gogoan. «Elkartekook joan izan gara bertara alaitasuna eramatera, baina, toki falta dela-eta, urte batean bakarrik erakutsi ahal izan dizkiegu kankailuak», azaldu zuen Jose Luis Insaustik. Aurten, kontzentraziora gonbidatu dituzte Bihotz Sakratuko ordezkariak ere, nagusiekin egiten duten lana eskertze aldera. Pertsonaia garai eta astunek Koldo Mitxelenan bildutakoen eta egoitzako zaharren omenez hegaldaraziko dituzte gonak. Eurentzat dantzatuko dute lehenbiziko pieza.

11.30ean aterako dira plazatik koloreak, doinuak eta dantzak, 14 konpartsak, 75-80 pertsonaiak, 300 herritarrak, kaleetan barna lehenbiziko desfilea egiteko. Bukatutakoan, bazkaria izanen dute esperoan, eta indarrak hartu ondotik, 17.30ean, musika banda guztiak instrumentuak astintzera aterako dira berriro. 18.00ak aldera, erraldoi eta buruhandien konpartsek bigarren desfilea eginen dute, aitzinekoa baino laburragoa.

Hainbat kultura, kolore eta ohitura bizitzeko aukera aparta izanen da igandekoa.

Jose luis insaustik prest du erraldoi eta buruhandiei buruzko liburu berria

Maialen eta Xanti Errenteriako erraldoiak hagitz dotoreak dira. Antzinako arropak dituzte, eta beso artikulatuak, dantzan hasten direlarik zabaltzen dituztenak. Horrek are ikusgarriago egiten ditu 1919an Madrilgo Francisco Losada enpresan sortutako pertsonaia horiek.

Haurren gibeletik lasterka ibiltzen diren sei buruhandiak berriagoak dira, Irungo Txilipurdi lantegiko Xabier Garatek eraiki zituen 1987an. Landarbasoko haitzuloetan bizitu omen zen zenbait pertsona oroitarazten dute: bi ehiztari, Inozoa eta Astakiloa, Intxixua, Nagusia, Emakume Zaharra eta amatasunaren sinbolo den Emakumea. Horien aitzinetik, ordea, bertze buruhandi batzuk izan ziren Gipuzkoako herrian: Demonioa, Indioa, Beltza, Xaku eta Lepo. Azken biak hagitz ezagunak ziren bi bizilagunen omenez egin zituzten. 36ko Gerran lan batailoietan zeuden valentziar batzuk beren lagun egin ziren eta karikaturak egin zizkieten.

Jose Luis Insausti konpartsako kidea ongi oroitzen da haurra zela zenbat maite zituen Xaku eta Lepo, eta nola babesten zen etxe atarietan beren kolpeetatik. Urteak pasatu dira ordutik, baina barreneko umeak aurkikuntza txiki-handiak egiten, harritzen eta emozionatzen segitzen du. Buruhandi eta erraldoienganako duen grinak herriz herri pertsonaia horiek ezagutzera eta informazioa biltzera eraman zuen. Emaztea eta alaba lagun, makina bat txokotan izan da konpartsen kantu eta dantzekin gozatzen, eta koadernoan idatzitako oharrekin, hainbat jenderen adierazpenekin, argazkiekin eta artxiboetako datuekin hiru liburu osatu ditu. Azkena bukatu berria du eta aurki ikusiko du argia. Errenteriako, Euskal Herriko eta munduko kankailu eta buruhandien berri ematen dute hirurek, eta gehienentzat ezezagunak diren kontuak azaltzen dituzte. Euskal Herriari dagokionez, urte hauetan guztietan bilakaera sumatu du Insaustik: «Lehen, seriean egiten ziren irudiak; Nafarroan, adibidez, errege asko eraikitzen zuten. Orain, ordea, herriek beren historiarekin zerikusia duten pertsonaiak dituzte».

Bitxikeria ugari aurkitu du. Errate baterako, Balear eta Kanariar uharteetan «papaguevos» edo «papahuevos» deitzen diete kankailuei. Nikaraguan, hagitz errotuta daude pertsonaia garai horiek. Ez dira hemen ditugunak bezalakoak, anitzez arropa xumeagoak dituzte. «Munduko erraldoien sehaska» den Kataluniako pertsonaiekin topaketak egiten dituztenean zur eta lur gelditzen dira nikaraguarrak, haurrak bereziki. «Kontraste horrek balio izugarria ematen dio han dutenari», nabarmendu du Insaustik. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo