Amaren Alabak, Mixel Etxekopar eta Oiherkoren txaranga, Xiberoako Egunean
Bigarren urtez jarraian, datorren larunbatean Bretxa plazan eta Donostiako alde zaharreko kaleetan zehar ospatuko da II. Xiberoako Eguna, Union Artesanak antolaturik. Azokaren hasiera 11.00etan izango da eta Zuberoatik etorritako ekoizle eta kultur eragileak bertan izango dira. Hango ekoizpenak (elikagaiak, musika, liburuak...) azokan erosi ahal izango dira. Oiherkoren txaranga eta Mixel Etxekopar abeslariaren txirula eta ttun-ttunak Parte Zaharrean zehar ibiliko dira. 18.00etan, Amaren Alabak Bernard Manciet poeta gaskoiaren «Gernika» olerkia kantatuko dute eta Agustin Gomez Markosen «Ana Non» antzerki obra ikusgai izango da ondoren. Bukatzeko, erromeria eta mutxikoak.