Xabier Silveira Bertsolaria
Borreroaren izena
A-8ko konpontze lanak amaiezinak izan arren, bidesarietako hesiak zergatik ez dituzten zabaltzen, Euskadi Irratia entzunez nindoan nonbaiterantz. Arratsaldekoa, baldin eta udan izena aldatu ez badiote. Arantxa eta Nekane, aurkezleak, udan izena aldatu ez badute, gonbidatua aurkeztuz hasi ziren. Oporretan autokarabanan lau mila kilometro egin zituela eta baietz, gonbidatuak baietz; hori zela askatasuna, non-nahi gelditu, bazkaldu, «ardoari gogor eman» eta autokarabanan siesta egin eta gero jarraitu.
Ramon Labaien zen, Donostiako alkate izandako gizona besteak beste. Bere fonotekari tiraka joango zela irratsaioa eta lehen kantua ezin izan nuen entzun. Ezer egin beharrik izan ez arren, atzera begiratu nuen -akats larria- ikusitakoa todoterreno orlegi ilun horietako bat baitzen. Bistatik desagertu eta Labaien jaunari arreta itzultzerako bigarren abestiarekin hasiak ziren. «Trialara, trialaralala, trialara, lepoan hartu ta segi aurrera...».
Uztailak hemezortzi zituen eta «Día del alzamiento nacional»en urtemuga zen, urteetan zehar festa egun izana. Altxamendu faxistan zenbat milaka gudari hil ziren aipatzen hasi zen alkate ohia, abestia zergatik aukeratu zuen azalduz. Gazteek jakin beharrekotzat zuen Euskal Herriaren defentsan zenbat odol eta zenbat malko isuriak ziren. Telesforo Monzon handiaren hitzek odo- la borborka jarri izan baliote bezela. «Lepoan hartu ta segi aurrera...».
Aurreko abestian, nik entzun ezin izan nuen hartan, Gregorianoen bakea aukeratu zuela zioen. Eskerrak ez nuela entzun! «Lehenengo bakea, gregorianoen bakea, guk behar deguna, eta gero gerra... gerra ez dela bukatu». Tinko eutsiko diogula euskaldunek arrotzaren erasoari, «euskalduna gogorra dela, iraunkorra, ba- tzuetan pelma ere bai...».
Emozionatu eta guzti egin nintzen une batez, zalantzan hasi ere zein alderditakoa ote zen eta guzti baina Benedikto hamaseigarrena -aita santua- ahora ekarri zutenean dena izorratu zen. «Gu Jeltzaleak gara, jainkoa eta lege zaharra da gure dotrina, gure alderdian behintzat bai eta...».
Orduan, orduan Josu Jon agertu zen. Ez, irratian ez, ezta nire autoan ere, no jodas, beno, ere bai; erabat agertu zen, atmosfera irentsi balu bezala, dena zen bat, dena zen Josu Jon Imaz. Denak. Kennedy hil zuen gizona. Kleopatraren maitalea. Lucky Luke-n txakurra, Ran tan plan. Ibarretxe. Shaquile O'neil. Naranjito. Del Burgo jaun txit ohoregarria. Superman. Espinete eta Don Pin Pon. Pollos Oikina. Victoria Beckham. Galindo. Butragueño. Jesulín de Ubrique. Islero. Chiquito de la Calzada. Mila eta bat aurpegidun herensugea, Josu Jon Imaz.
Zertara jolasten ari ote da? Palestinan ikusten duen guda zibilak morboa ematen ote dio? Alderdikideak ez ahotsik ez indarrik ez duten bere morroiak bertzerik ez ote dira? Edo gehiengoa da PNVn Josu Jon den bezain Españaren zalea?