GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Iñaki Arzoz, Alex Carrascosa, Joseba Ossa, Mireia Uranga, Xabier Vazquez Eizmendi, Javier Villarreal BATZART!-en aktibistak

Gutun irekia ETAri

Gure kolektiboekin eta beste kidekoekin, alderdi eta sindikatuekin eta batez ere, herriarekin batera, berdinen batzarra eta biribil irekia den BatzArt-en parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu, borondate onez eta asmo konstruktiboz, presarik gabe

Ez dugu armarik, zurezko aulkiak soil-soilik. BATZART! bake prozesuaren eta Euskal Herriarentzako etorkizun demokratikoaren alde apustu egin zuten zenbait kolektiboren ekimena da, elkarrizketaren eta proposamen sortzaileen bitartez eta armez baliatzeari uko eginez.

Gutun hau idazten dizuegunok, ez gara inoren izenean mintzo, nork bere buruaren izenean dagi, nork bere kontzientzia eta subiranotasunetik, hauxe baita berme bakarra herri burujabea izan gaitezen.

Eta gonbidapen bat egiteko idazten dizuegu: beste hainbeste auzokideokin batera biribilean eser zaiteztela. Komunikabideen tribuna pribilegiatutik su-etenaren amaiera iragarri duzue; oraindik, ordea, ez zarete plazara jaitsi azalpenak ematera eta herriarekin berarekin zuen erabakia zuzenean eztabaidatzera. Lehenik eta behin berton azaldu behar duzue, azaldu ere, jarduera armatuaren berrasiera, zuen ekintzen edo errepresioaren biktimak herritarrok izango baikara.

Oraindik abangoardia ba al zarete? Guk armarik gabeko atzeguardia jendetsua osatzen dugu eta hain gerra luze batez, hainbat biktimez eta are bortxakeria eta oinaze gehiago ugaltzeko besterik balio izan ez duten hainbeste bortxakeriaz eta oinazez etsi-etsirik eta akituta gaude, zuetako asko bezalaxe ziur aski. Baina beste ezer baino lehen, gatazkaren alde guztien ezgaitasunaz eta borondate faltaz aspertu egin gara, baita, jakina, zuen jarrera aldaezinaz ere. Hutsala da estatuek amore ez egitearren kexatzea: arerioak, halaxe badira, dagokiena baino ez baitute beteko. 40 urte ostean aintzat har ezazue borroka armatuaren baliogabetasu- na, besterik ez. Pentsa itzazue, XXI. mendean barna, indarkeriarik gabeko beste bitartekorik, desobedientzia zibila esaterako (18/98 auzia indarrean egonik ere eta horrexegatik agian), mundu ezberdin baten alde alegiazko sareetan edo elkarganaturik ari garen andanak, edozein inposatzeri buru egiten diogularik. Egin dezagun autokritika -geuk barne, bake prozesuaren aldeko inozook apika- hantustean erortzerik eta oker berberetan lorrintze- rik nahi ez badugu behintzat.

Alderdiei, negoziatzaileei, estatuei zenbait gauza esan diezazkiekegu, oso kritika eta gaitzespen latzak alegia, baina zuokin, luze da eztabaidatzeko duguna. Euskal Herriaren biziraupena haren herritarron bizitzari eta askatasunari loturik doa: haiek gabe ezin baita Euskal Herririk.

Herritik sortutako taldea zarete, ezer gehiagorik, geu bezalaxe, geure ehun herrikoi eta aktibista joriko beste hainbesteren berdin; zuek, ostera, armatuta zaudete eta armek zeuen burua berresteko aukera ematen dizuete, indar hutsez. Baina borroka armatuan 40 urtetan jardun izanak, baita alde guztietako oinaze eta porrota frogatuak ere, ez dizuete ezein pribilegiorik edo bermerik ematen. Euskal Herria -bere osotasunean- edozein garaietako gerrilla, alderdi edo kolektibo baino zaharrago eta jakitunagoa baita.

Herria gara, euskal herria, zuok bezala, ezker abertzalea gara eta ez gara ezker abertzalea, bozkatu dugu edo ezin izan dugu edo ez dugu nahi izan, hala ere, bagara. Eta demokrazia parte-hartzaileari ekiten diogu, hauteskundeen aurretik eta askoz haratago; hauteskundeak, iruzurrez edo iruzur barik, ez baitira oraindik benetako demokrazia. Jatorrizko demokrazia partaidetzan baitatza, hiritarron kontzientzia politikoan, ez alderdikoian, eta elkarrizketari eusten baitio: oinarritiko elkarrizketa, elkarren arteko hizketa biribila, gatazka bide guztiz politikoetatik eraldatzen duena, batere indarkeriarik gabe; dena delako elkarrizketa, uneorokoa, ezin agortuzkoa.

Horregatik, gure kolektiboekin eta beste kidekoekin, alderdi eta sindikatuekin eta batez ere, herriarekin batera, berdinen batzarra eta biribil irekia den BatzArten parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu, borondate onez eta asmo konstruktiboz, presarik gabe. Su-etenaren hausturak eragin duen egoera berriaz eta ezinbesteko bake prozesua berrasteko proposamenez hitz egin dezagun. Zuen jarrera -askorentzako ulertezina eta denontzako etsigarria- adieraz diezaguzuen; herritarrokin zuen argudioak bana ditzazuen eta, batik bat, herriari entzun diezaiozuen eta herriak bere ahotsa itzul diezazuen.

Zuen ideiak plazan berdinetik berdinera eztabaida ditzazuela eskatzen dizuegu. Gure baldintza bakarra: armarik gabe etor zaiteztela. Aulki bat dago zuen zain eta hutsik geratuko da ez bazatozte edo zuen izenean inor ez badator. Eta ezin bazarete etorri, idatz iezaguzue: zuen ekarpena beste edozeinena bezala irakurri eta eztabaidatu egingo da herriaren BatzArtean. Hauxe delako, geure iritziz, funtsezko arazoa: ea nola eman dakiokeen hasiera bake prozesuari herriarekin batera, nolatan litekeen erakundeetara iritsi aurretik herritarrongandik iragaiten den prozesu parte-hartzailea. Prozesu hau gerta dadin, haatik, airea edo ura behar ditugun legez, indarkeriarik gabeko jokalekua alde guztiek ezar eta errespeta dezatela behar dugu, kalean ere, denon eskutik, hiritarrok gure artean askatasun osoz hitz egin ahal eta gure ahotsa helaraz dezagun.

Gonbit hau partaidetzan eta indarkeriarik ezan sinisten dutenei egin nahi diegu, baina bereziki zuoi guztioi, Euskadi ta Askatasuna: plazako BatzArtera jaitsi zaitezte. Ez luzeagorik itxaron, herriaren eta parte hartzearen garaia baita, bakearen Auzolanaren sasoia Euskal Herriarentzat.

Euskadi ta Askatasuna, geure ametsak Euskal Herria eta askatasuna ere badira, baina guk ez dugu armarik, herriaren ondoan eskaintzen dizuegun zurezko aulki bat besterik ez.

Oraingoz, BatzArt edo asanblada parte-hartzaile eta sortzailean ekarpena egin nahi duten kolektibo eta pertsona orori helbide hau irekitzen diegu: batzart@gmail.com Baldintza bakarra: hitza desarmatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo