GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hezkuntza sistema nazionalerantz urratsak eman dira EHBEren ustez

Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenak «oparotzat» jo du bukatu berri den ikasturtea. Estatu espainiarra eta frantsesa «inposaketaren bidetik» mantendu eta admnistrazio autonomikoen jarrera «iruzurtitzat» jo arren, hezkuntza sistema nazionalaren bidean urrats «irmo eta esanguratsuak» eman direla deritzo. Horien artean, Oinarrizko Hezkuntza Akordioa, eskola euskalduntzearen alde egindako lana edota Euskal Curriculuma ekarri zituen atzo gogora.

p015_f01_123x123.jpg

Oihana LLORENTE |

Estatu espainol eta frantsesak «inposaketan eta ukazioan» oinarritutako hezkuntza politikak ezartzen darraitela deritzo Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenak. Hala, Euskal Herria zatikatzen duten admnistrazio autonomikoek ere «iruzur eta erasoen» bidetik jarraitzen dutela uste du.

Hala eta guztiz ere, «inposaketa eta iruzurren gainetik», ikasturteko balantze positiboa egin du herri ekimen honek, hezkuntza sistema nazionalerantz pauso esanguratsuak eman direla nabarmendu baitu.

Donostian egindako agerraldian, Edurne Larrañaga eta Ibai Redondo EHBEko eledunek «gorabeheratsua» iritzi dioten ikasturtearen inguruko balantzea egin zuten.

Lehenik, estatuen jarreraz jardun ziren. Haien aburuz, «betiko lepotik dute burua» Estatu espainolak zein frantsesak. Redondok azaldutakoaren harira, estatu horien biziraupena eta garapena bermatzeko, hezkuntza sistema frantses eta espainola «inposatzen» dizkiote Euskal Herriari, «euskal herritarrak hezkuntza sistema propioa izateko duten eskubidea ukatuz», nabarmendu zuen.

Gobernu frantsesak gauzatu berri duen Eskola Karta ere hizpide izan zuen eledunak, eta haren neurri nagusia irakasle kopurua murriztea dela azaldu zuen. Era horretan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan irakasle euskaldunen kopurua murrizteak euskarari eta euskal irakaskuntzari ekar dakioken kaltea ekarri zituen gogora.

Madrilen onartutako LOE legea «espainoltasunean eta atzerakoitasunean» oinarritzen dela ere salatu zuen Redondok.

Euskal Herrian barna dauden admnistrazio autonomikoen inguruan ere luze eta zabal aritu zen. Ipar Euskal Herrian, Euskararen Erakunde Publikoak abiatutako Hizkuntza Planak, euskararen berreskurapena ekarriko ez duela adierazi zuen. Haren aburuz, «botere exekutiborik gabe, baliabide eskasekin eta borondaterik ezean», euskarak bizi duen egoera larria aldatzerik ez dago.

Nafar Gobernuak bere politika «erasokorrarekin» jarraitu duela salatu zuen Redondok. Horren adibide gisa, gainera, ikasturtean onartutako curriculum dekretua edota ikasleek eskolan euskaraz ikas ez dezaten haur eskola erdaldun berriak irekitzea eta «British» eredua delakoa izan zituen aipagai.

Lakuaren jarrerarekin ere keztuak agertu ziren EHBEko kideak. LOE legearen aurrean planto egin ez eta EAEko curriculuma egin izana gogor gaitzetsi zuten. Era berean, martxoan hizkuntza ereduen gainean egindako lege markoa, ikasle guztiak euskalduntzeko beharrezkoak diren neurriak jasotzen ez dituela ere salatu zuten. Gainera, hurrengo urteetan Lakuak «iruzur berriaren zikloa» irekitzearen beldur da EHBE.

Herri mugimendua aurrera

Estatuen eta admnistrazioen jardunaren aurrean, ordea, herri mugimenduak lan andana egin izana txalotu zuen Larrañagak. Haren ustez, «inposaketa, iruzur eta erasoei» erantzutearekin batera, hezkuntza sistema nazional baten aldeko pauso esanguratsuak eman dira. Horren lekuko, hezkuntza eskubide guztien aldeko dinamika indartu izana nabarmendu zuen.

Lehenik, EHBEk ikasturte hasieran egindako III. Nazio Mintegiak izan zituen aipagai. Herri mugimendua indartze asmoz egindako kongresoan, hezkuntza eskubideak eta hezkuntza sistema nazionala bera ekimenaren erdigunean kokatzea adostu zutela gogoratu zuen Larrañagak.

Eskolak euskalduntzearen aldeko dinamika ez zuen albo batean utzi eta eskaera hori inoiz baino presenteago dagoela deritzo eledunak. Curriculumaren aferaren inguruan, ostera, curriculum autonomikoen inposaketari «tamainan erantzun» eta euskal curriculumaren aldeko konpromisoa berretsi dela uste du Larrañagak. Era berean, «erantzunkizunez jokatzeko deia» egin die erakundeei.

Azkenik, unibertsitateek bizi duten egoerari so eginez, Bologna prozesuaren gainean komunitate unibertsitarioak hitza eta erabakia izateko eskubidea duela aldarrikatu zuen Larrañagak eta helburu horrekin egindako hamaika ekimenak gogoratu zituen.

Aldarrikapenez harago, pauso irmoak eman dira

Herri ekimen honen aburuz, hezkuntza sistema nazionalaren eraikuntzaren ikuspegitik ere, ikasturte oparoa izan da aurtengoa. Pairatutako eraso eta inposaketei erantzun eta hezkuntza eskubideak aldarrikatzeaz gain, Euskal Herria hezkuntza sistema nazionalera hurbiltzen duten urrats irmo eta garrantzitsuak eman direla deritzo EHBEk.

Horren adibide argiena, Larrañagaren ustez, hezkuntza komunitateko sektore zabalen artean hitzartutako Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa da. Gainera, akordioa gizarteratzeko xedez egindako lana eta maiatzean egindako Nazio jardunaldiak aipagai izan zituen.

Eskolak euskalduntzearen alde, konpromisoak eta neurriak bilduko dituen alternatiba eraikitze bidean ere hainbat urrats eman direla azaldu zuen. Era berean, Euskal Unibertsitatea erdiesteko aurreproiektua amaituta dagoela eta praktikara eramateko aliantza sendoak osatzen ari direla eman zuen jakitera Larrañagak.

Hezkuntza sistema nazionalaren ardatza izango den Euskal Curriculuma 2008ko udaberrian amaituta egongo dela ere nabarmendu zuen agerraldian. O.L.

bologna

Bologna prozesua eta unibertsitateetan gertatzen diren eskubide zapalketen aurrean, eztabaidaren beharra azpimarratu zuen EHBEk; gainera, ildo horretan, Euskal Herriak behar duen unibertsiateaz mintzatu behar dela deritzo.

nazio eztabaida

Hezkuntzatik harago, gatazkaren konponbidean eta Euskal Herria «modu integralean» eraikitzeko lanean ere, Nazio Eztabaidaren aterkipean, EHBE buru-belarri aritu dela nabarmendu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo