A San Fermín pedimos...
Dorleta URRETABIZKAIA
Aktorea eta idazlea
Iruñeko San Ferminetako zapi gorridun korrikalariekin batera, zezen beltzen ibilbidea jarraituz ibili gara egunotan Donostiako Alde Zaharreko kale jendetsuetan barna. Korrikalariok, Baionako Old School Funky Family taldea izan dugu zezen beltza eta euren musika eta umorearekin batera, bazter guztietako antzerki emanaldiak ikusteko beta izan dugu. Txirula soinuak alde batera utzi eta saxoak, teklatuak eta eurak sortutako hainbat musika tresnak eraman gaituzte Hamelingo saguok mundu zabaleko ikuskizun hauek guztiak ikustera. Frantziatik, Belgikatik, Argentinatik, Ameriketako Estatu Batuetatik eta Euskal Herritik heldu dira eskujoko, akrobazia eta zirku ikuskizun umoretsu, eder eta probokatzaile hauek. Itsas korronte batek bezala arrastatu gaituzte musikari gazteek kale estuetan barna. Jende ugari gerturatu da eta esker onez jarraitu dute proposaturiko ibilbidea. Artalde batek bezala. Xelebrekeriak ere izan dira, beti bezala... euria eta ikuskizunetan sartu diren hainbat pertsonaia... Errealitateak fikzioa gainditzen omen du... Egiak indar handiagoa omen du eta eguneroko bizitza antzerkiaren parte bilakatu da behin eta berriz. Haurrak, gazteak eta helduak izan dira kaleko ikuskizunen bihotz-bihotzean. Antzokietako emanaldiak ere arrakastatsuak izan omen dira ikus-entzule eta programatzaile aldetik...
San Ferminetako azken «Pobre de mí»-arekin batera, amaiera tristea eman zitzaion igandean Donostiako XIII. Antzerki Feriari. Eta Iruñeko egutegia martxan jarri den bezalaxe, zain geratuko gara gu geu ere. Datorren urteko Antzerki Feria noiz iritsiko hilabeteak, egunak, orduak, minutuak, segundoak...noiz pasatuko zain... Itsasoak ekarri zuen bat-bateko haize zakarrarekin batera, kaleak hustu egin ziren eta euren lurralde urrunetara itzuli zituen haizeak gure artista gonbidatuak. Ekaitz osteko baretasuna bizi du orain gure hiriak. Dagoeneko, Jazzaldiaren urruneko saxoaren oihartzunak geure belarrietara iristen hasi badira ere... Olite-Erriberriko antzerki klasiko jaialdia, Bilboko kale antzerki jaialdia eta Gasteizko txotxongilo mostra izango dira gure hurrengo parada. Eta irribarrek betetako basamortu hutsezko biharamunari aurre egin ahal izateko, aldizkaria eskuan altxatu eta zera kantatuko dugu... A San Fermín pedimos/ por ser nuestro patrón/ nos guíe en el encierro/ dándonos su bendición... Datorren urtera arte!
Fecha: Hoy.
Lugar: Zornotza aretoa (Zornotza).
Hora: 21.00 h.
Entradas: 10 euros.