«Komunikatzeko, gorputza eta neurologia erabiltzen ditugu»
Gotzon Carcar Muerza nafarra coach edo entrenatzailea da, bai norbanakoen mailan baita enpresa mailan aritzen dena ere. Horrez gain, programazio neurolinguistikoko Trainers Training masterra egina du. Aste honetan Iruñean dabil UEUk gonbidatuta komunikazioari buruzko ikastaro bat ematen; arrakastatsua izan dadin ete behar diren baldintzak azaltzen.
Iker IRIARTE |
Udako Euskal Unibertsitateak aste honetan Iruñean eskaintzen dituen ikastaroen artean sikologiaren arloko bat bada: «Harreman harmonikoak izateko komunikazio trebetasunak» da horren izena, eta Gotzon Carcar irakaslea da horren arduraduna. Denboraz juxtu samar dabilen arren -eguerdiko kafea eta zigarrotxoa hartzeko beta ere behar du- beso zabalik hartu gaitu.
Iruñean ematen ari zaren ikastaroaren izenburua «Harreman harmonikoak izateko komunikazio trebetasunak» da. Zer da harmonikotasuna komunikazio bati dagokionez?
Nahiz eta musikariak izan edo ez, denok dakigu gutxi-gorabehera noiz entzuten ari garen musika harmoniko edo desarmonikoa, ezta? Bada, harremanetan gauza bera gertatzen da: denok dakigu noiz dagoen harmonia edo desarmonia taldean, harremanetan, pertsona batekin, eta abar. Norberak bere bihotzaren, bere gorputzaren bidez izaten du horren berri.
Harmonia oreka da, dena bere lekuan dagoenaren seinale; harmonia dagoenean harremanetan sakondu daiteke, harremanak aberastu daitezke.
Komunikatzeko ere pertsona bakoitzak bere mugak dituela onartzen da eta horiek identifikatzetik abiatzen da ikastaroa. Nola egiten da hori?
Ikastaroaren egitura, berez, oso praktikoa da. Ariketaz ariketa partaide bakoitza saiatzen da -eta lortu egiten du, gainera- praktikan jartzen proposatzen diren erreminta berri guztiak. Erreminta horiek era batera edo bestera berriak direnez, ikastaroko parte hartzaile guztientzako, haien antzinako komunikazio rolaren zenbait ezaugarri edo aspektu puskatu edo gainditu egiten ditugu haiekin topo egitean.
Une horretan, parte hartzaileak bere mugen, limiteen, oztopoen kontzientzia hartzen du. Eta horrela, aukera dauka, alde batetik kontzientzia hartuta eta beste alde batetik proposatzen den erreminta berriarekin praktikatuta, muga edo oztopo horiek gainditzeko, eta bere komunikazio trebetasuna handitzeko, aberasteko.
Komunikatzerakoan, garrantzi handia du hitz egiteko moduak, hitz egiteko moldeak. Gaur egungo hizkera modernoek edo argotek, hala deitu badaitezke, balio komunikatibo bera dutela uste al duzu?
Gizakien arteko komunikazio prozesua unibertsala da, unibertsala izan da beti. Gizakiok hitzaren, ahotsaren eta gorputzaren bidez komunikatu izan gara. Berdin da zein medio erabiltzen dugun komunikatzeko: idatziz, internet bidez tekla bat sakatuta, telefonoz, aurrez aurre... Beti hitza erabiltzen ari gara, edozein hizkuntzatako hitza.
Hizkuntza ezagunenak -euskara, erdarak- edota beste mota askotakoak -keinuak, sakelekoetan erabiltzen den hizkuntza eta abar- modu berean erabil daitezke. Berdin da zein izaten den edukia adierazteko darabilgun zeinua -hitza, hizkuntza bat ala bestea, edo sinboloak-, beti gure gorputza eta neurologia erabiltzen baititugu nahi dugun hori adierazteko.
Beraz, beti daude presente komunikatzeko beharrezko diren ezaugarriak; kalitatea handiago ala txikiago izanda ere, ezaugarri horiek beti daude.
Antzinara begiratzen badugu, Grezia eta Erroma klasikoetara, adibidez, orduan oratoria arte bat zen. Gaur egun, berriz, beti presaka eta korrika bizian gabiltzan garai hauetan, badirudi hitzezko eta aurrez aurreko komunikazio hori indarra galduz doala. Komunikazioari dagokionez, atzera goazelako ustea al duzu zuk ere?
Ez dut uste. Nik eskaintzen ditudan ikastaroen artean, produktu modura saltzen ditudanen artean, badago bat oso maiz erosten didatena. Enpresariek, eta enpresa munduko talde askok eskatzen didate, batez ere. Produktu hori oratoria da, hain zuzen ere; jendearen aurrean gaiak nola azaldu behar diren jakiteko balio duena.
Horretan interes handia du irakaskuntza arloko jendeak, hitzaldiak eman behar dituztenek, saltzaileek, eta abar.
Guk bertan bultzatzen duguna da adierazi nahi dugun mezua modurik onenean nola igorri daitekeen ikustea, eta edonork du aukera trebetasun horiek lantzeko.
Azkenik, labur bada ere, emango zenizkiguke mesedez, apunte modura, hitzezko eta aurrez aurreko komunikazioa arrakastatsua eta eraginkorra, harmonikoa azken batean, izan dadin jarraitu beharreko irizpide batzuk?
Alde batetik, hizlariaren aurrean dagoen jendeak, hizlariaren hitza entzun nahi duela argi izan behar da; publikoa laguna da, hizlaria salbu dago une oro eta, beraz, begietara begira diezaiela solaskideei lasai eta patxadaz hitz egiten duen bitartean; jendea begiratuz mintzatu dadila, eta adieraz dezala adierazi nahi duena. Baina bestalde, eta batez ere, hitz egin dezala bihotzez, eta ez ahoz.
«Solaskideari begietara begira, lasai eta patxadaz hitz egin behar du komunikatzaileak, baina, batez ere, hitz egin dezala bihotzez, eta ez ahoz»
«Harmonia oreka da, dena bere lekuan dagoenaren seinale; harmonia dagoenean harremanetan sakondu daiteke, harremanak aberastu daitezke»