rally
Bihar, Aramaioko VI. Rallysprinta izango da
Ander GARTZIA | BILBO
Prest dago guztia bihar Aramaioko rallysprintaren seigarren edizioa egiteko. Aurten, hirurogeitik gora auto lehiatzea espero da, eta ibilbideari eman beharreko hiru itzulietan Santi Artetxe eta Joseba Zapirain aurreko edizioetako garaileek parte hartzea ziurtatuta dago, bai eta Txus Jaiok ere.
Aurtengo edizio honetan, Azpiko Racing elkarteko antolatzaileek berrikuntza bat egin nahi izan dute ibilbidean, eta 500 metro luzatu dute. Antolatzaileek berek ziurtatu dutenez, ikusleentzat ikusgarria izango da partaideek hartu beharreko 180 graduko bidegurutzea.
Berrikuntzak ibilbidean
Lasterketa horretan, 6.000 euro banatuko dituzte saritan rallysprinta bukatzen duten guztien artean, eta irabazleei garaikur bat emango diete. Horrez gain, proba puntuagarria izango da hiru sailkapen ezberdinetarako: rallysprintetako gidari eta kopilotuentzat, gidari eta kopilotu gazteentzat eta atzeko trakziodun koparako.
Aramaioko rallysprintean 2001. urtean lehiatu ziren lehen aldiz autoak, eta garai hartako lasterketan, Kurtzetatik Azkoagarako ibilbidea egiten zuten. 50 auto baino gehiagoren artean, Ion Agirrek eta Asier Lasak gidatutako Mitsubishi Evo VI.a izan zen azkarrena estreinako proba hartan. Bi urte geroago aldaketak egin zituzten ibilbidean. Errotabarri baserritik atera eta Arriola, Etxaguen eta Gantzaga auzoak zeharkatzen zituen, eta Xabier Alustiza izan zen garaile. 2004. eta 2005. uteetako probetan, Joseba Zapirainek eta Jose Manuel Perezek (Seat Ibiza Kit-Car) eraman zuten saria, eta urte bat geroago, berriz, Santi Artetxe eta Sandra Fernandez nagusitu ziren Peugeot 307 WRC autoarekin.
Lasterketa 15.30ean hasiko da bihar, eta errepidea ordubete lehenago itxiko dutela jakinarazi dute probaren antolatzaileek.