Yogak geure barruarekin konektatzen eta era sendo eta eraginkorragoan irteten laguntzen digu
UEUk era askotako ikastaroak eskaintzen ditu eta, noski, horien artean ezin ahaztu urtez urtez harrera paregabea izaten duen yoga ikastaroa. Oraingoan, praktika hori Oteizaren ariketa izpiritualekin lotu dute eta ikasle nahiz irakasleak oso pozik daude emaitzarekin.
Iker IRIARTE
UEUko filosofia sailak yoga lantzeko aurten aukeratu duen ikastaroak «Oteiza, izpi.rituaren (h)arian» du izena eta berorren arduradun da Leire Saitua. Ikastaroa gaur amaituko duten arren, aurtengo lanarekin oso gustura dagoela aitortu digu, bai bera baita ikasleak ere.
Leirek urte asko daramatza bai yoga praktikatzen, baita irakasten ere, eta oso argi dauka zer den berarentzat yoga: «Niretzako yoga jabe da, yogak geure buruen jabe izateko aukera ematen baitigu. Yoga teknikak kontzientzia garatzeko teknikak dira, norbere burua ezagutu eta horren jabe egin ahal izateko», gaineratu du.
Ariketa horiek hainbat eta hainbat onura dakartzatela ere aitortu digu Leirek, bai alderdi fisikoari dagokionez, baita alderdi emozionalari dagokionez ere: «Malgutasuna, indarra, animoak altxatzea, tentsioak askatzea, lasaitzen ikastea, lo egiteko erraztasun handiagoa, eta abar» ekartzen dizkio yogak lantzen duenari Leireren arabera. Hala ere, yoga irakasle honek norbere buruaren jabe egitera eramaten duela da guztietan gogokoen duen onura.
Hasiera zaila
UEUk 1999an eskaini zituen lehen aldiz yoga saioak udako ikastaroetan, baina Leirek gogoan duenez, «saio osagarri» modura izan zen: «Goizeko 7.00etan egiten genuen saio bat -ariketa fisiko batzuk arnasketa eta lasaiketa-, eta arratsaldeko 19.00etan beste bat. Hasiera, guztiak bezala, «asko kostatakoa» izan zela dio, izan ere, arrotz sentitzeaz gain, yoga egitea ihes egitea eta norbere zilborrari begira jartzea zelako irudia baitzegoen; jendeak uste zuen yoga egiteak urrundu egingo gintuela herri kontzientziatik eta bestelako arazoetatik», adierazi du. Baina yogak «alderantzizko ondorioa» duela baieztatu du: «yogak bultzatzen gaitu geure buruarekin eta barruan daukagun lasaitasun sakon eta sendoarekin konektatzera, eta hortik abiatzen garenean askoz eraginkorragoak eta askoz indartsuagoak gara kanpora begira jartzen garenean. Yoga eginez barrura goaz, baina ateratzen garenean askoz ere sendoago ateratzen gara», azpimarratu du.
UEUren lehendabiziko saio horiek guztiz praktikoak izan zirela ere nabarmendu du Leirek: «Apenas hitzik egin gabe» burutzen zirela dio. Yogan, praktika «ezinbestekoa» dela ziurtatu du, batetik «praktikoagoa delako» eta gorputzarentzako «ona» delako. Praktikotasuna ukaezintzat du ikastaroaren arduradunak, izan ere, bere hitzetan, «filosofia azaltzen hasiz gero, buruan gauza gehiegi ditugunez, eskemak aldatzea oso zaila izango bailitzateke». Bestalde, gorputzarentzat «ona» dela nabarmendu nahi izan du Leirek behin eta berriz, bere esanetan, gorputzetik hastea beti «errazagoa» izateaz gain, gorputzak «berehala esaten baitizu hori ona dela», baieztatu du. «Etzan eta lehenengo bost minutuen buruan, arnasketa sakonak egiten ikasten duzunean, hortxe sentitzen duzu hori gorputzarentzat ona dela» adierazi du, «eta horixe bera da abiapuntua». Irakasle honen esanetan, izan ere, «zerbait ikasteko, zerbaitetan sakontzeko, lehenengo eta behin egingo dugun hori guretzako ona dela sentitu behar dugu, baina bene-benetan sentitu, ez pentsatu».
Oteizaren itzalari jarraiki
UEUk urteak darama dagoeneko yoga ikastaroak ematen eta urtero gai ezberdin baten inguruan harilkatzen dituzte teknika horiek. «Duela urte batzuk, adibidez -gogoratzen da Leire-, yoga eta herrigintza lotu genituen». Askori horiek biak uztartzea zail egingo zaiola ulertuta, halaxe azaldu digu: «Yogak kontzientzia suspertzeko balio du eta kontzientzia da, hain zuzen ere, herrigintzarako behar den gauza bakarra».
Aurten, ordea, Oteizarekin lotu dute yoga ikastaroa, autore handi horren «Ejercicios espirituales en un túnel» izeneko liburuarekin, zehazki. Oteizak hainbat eta hainbat alor lantzen dituela gogoratu ondoren -«zein ez?», galdetu zuen-, Oteizak bere obra horretan ariketa «izpi.ritualak» proposatzen zituela adierazi digu, yogaren kontzientziara iristeko helburuarekin oso bat datozenak. Hori baliatuta, joan den asteazkenean, artista handiaren jaiotetxean bertan, Altzuzan, egin zuten yoga saio bat eta jarraian ariketa izpiritual bat. 2008an ospatuko da Oteiza jaio zeneko mendeurrena, eta hori dela-eta, gaiarekin «bete-betean» asmatu dutela adierazi du, «aperitibo ona izan da». Hala ere, datorren urterako asmo handiagoak dituztela aurreratu digu Leirek.