«Ez da lan erraza izango iaz lortutako txapelari eutsi ahal izatea»
Segalaria
Andoni Goikoetxea da egungo Euskal Herriko txapelduna, eta igandean Pikoketara joango da, duenari eusteko asmoarekin. Behetik gora egiten duen segalari horietakoa da Gaztelukoa, eta ordubeteko lana denean, bera izaten da erreferentzia. Gipuzkoako finalean bigarren izan zen, eta denboraldia amaitu baino lehen, txapel bat irabazi nahiko luke, eta horretan borrokatuko da final handian.
Jon LEUNDA |
Andoni Goikoetxea gogoz dago iganderako. Agian bere burua ez du iaz bezain ongi ikusten; ez, behintzat, plazan, nahiz eta ongi ari den entrenatzen, baina joan den urtean irabazitako txapelari eutsi nahiko lioke.
Iazkoari eusteko ilusio handiarekin egogo zara, ezta?
Bai, dudarik gabe, baina finala oso estua izango da. Gainerako segalari guztiak ere oso indartsu daude, eta ez da lan erraza izango, baina saiatuko gara.
Iaz jendeak Lapazaran jotzen zuen faborito, baina zuk irabazi zenuen.
Egia esan, iaz oso ongi nengoen, eta itxaropen handia nuen. Entrenamenduetan-eta oso ongi nenbilen, eta azkenean irabazi egin nuen. Aurten ez dut lortzen neure buruarekin iaz nuen konfiantza hori. Entrenamenduetan oso ongi nabil, baina plazara joandakoan ez dut nahi dudan emaitzarik lortzen.
Denek diote zuk behetik gora egiten duzula, eta ordubeteko lanean kontuz ibili behar dela zurekin. Ados al zaude?
Egia da orain arte horrela izan dela, baina aurten ez dakit. Gipuzkoako finalean oso ongi ibili nintzen, baina azkeneko hamar minutuak luze egin zitzaizkidan. Behera bezala egin nuen; ez nuen asmatu. Gainera, belarra ere nahastu samarra zegoen, eta ez nuen asmatu. Txapela hantxe galdu nuelakoan nago.
Hala ere, Gipuzkoako txapela zure osabak irabazi zuen. Pena txikiagoa emango zizun, ezta?
Bai, ingurukoek irabazten badute, beti poz handiagoa ematen du, baina niri, ez irabazteak eman zidan pena. Ez nuen horrenbesteko itxaropenik eraman, baina gero oso ongi ibili nintzen proban, eta lehenago esan bezala, azkeneko minutuetan galdu nuen. Hark eman zidan pena, irabazteko aukera ikusten bainuen, nahiz eta osabak irabaztea beti ematen duen poza.
Denek diote igandeko finala oso estua izango dela. Zuk ere horrela uste al duzu?
Bai, bai, lauretako edozeinek irabaz dezakeela pentsatzen dut. Lapazaran oso indartsu dago, baita Gabirondo ere. Ormaetxeak azkeneko bi saioetan behera egin duela ikusi dut, asmatu ezinik bezala. Baina garbi dago lauren artean alde txikia dagoela.
Igandean belar handia izango da; kilo asko ibili beharko dira, eta horretarako indarra behar da. Horrelakoetan beti denak zuri begira jartzen dira.
Beno, nik uste dut beste hirurek ere erakutsi dutela zer-nolakoak diren, eta haiek ere ez dute indar faltarik. Zuk aipatu bezala, aurten belar handiak dabiltza, eta horiekin ibiltzeko indarra behar da, baina ez da nahikoa, teknika ere behar baita. Nik uste dut biak ongien uztartzen asmatzen duenak irabaziko duela.
Igandean gertatzen dena gertatu, konforme geratuko al zara aurten egindakoarekin?
Helburua irabaztea da, baina bigarren edo hirugarren geratzen baldin banaiz ere, uste dut egindako denboraldia ona izan dela. Gipuzkoan ere bigarren geratu naiz, eta ongi egongo da.