HARRI-JASOTZEA
Izeta II.a da faborito Laukariz harriarekin
J.L. | DONOSTIA
Harri-jasotzailen torneoak puri-purian daude, eta urtetik urtera igotzen doaz, gainera. Ez da txarrerako, kirolariek lehiaketa ugari baitute orain elkarren aurka neurtu ahal izateko.
Joan den larunbatean Alegian jokatu zuten, eta bihar, 19.30ean, Laukarizen jokatuko dute bertako harri baldarrarekin. Kirolari mordo bat izango da han, eta Izeta II.a da faborito; hori da, behintza, zaleek diotena.
Honako harri-jasotzaile hauek izango dira elkarren aurka: Izeta II.a, Izeta III.a, Landarbide, Barinaga, Igoa, Eizmendi, Lertxundi, Elosukorta, Urpe, Ostolatza eta Urrutia.
Harria, berriz, 136 kilo pisatzen duen erreka harri horietako bat izango da. Horrekin lanean aritzeko bost minutu izango ditu kirolari bakoitzak.
Harri baldar horiekin lehiaketa asko jokatzen dira, baina horrekin aritu direnak esan dutenaren arabera, ez da gaur egun tankera horretako harriekin jokatzen diren tornetan zailena. Kubikoaren itxura apur bat ere ba omen du, eta tamaina hartuz gero, nahiko erraz erabiltzen den horietakoa omen da. Hori bai, pisua handi samarra du, eta horrek berak ere badu nahiko zailtasun.
Horrelako harriak oso ongi doazkio Izeta II.ari, eta bera izango da garaipena lortzeko faboritoa. Hala ere, zenbait arazo fisiko ditu, eta ikusi beharko da zer-nola heltzen den saio horretara, baina aiarra ongi baldin badago, oso zaila izango da hari txapela kentzea.
Santurtzin
Santurtzin, bihar Harri-zulatzaileen Ligako seigarren jardunaldia jokatuko dute 13.00etan, plaza ondoko parkean. Bertan izango dira lehian dabiltzan talde guztiak nor baino nor. Jaizubiak saio hori irabazten baldin badu, eta Galdames bigarren geratzen ez bada, txapela ia-ia eskuekin ukitzen hasteko moduan izango da.