GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora

Nazabal nagusitzen ari da Txapeldunen Ligan

J.L. | DONOSTIA

Aizkoran, Txapeldunen Liga ari dira jokatzen, eta Floren Nazabalek ez du inongo arazorik izango finalerdia jokatu ahal izateko. Orain arte jokatu dituen saio guztiak irabazi ditu, eta guztien gainetik dagoela erakusten ari da nafarra.

Herenegun, Zornotzan izan zen saioa, eta Olasagasti eta Lopez izan zituen aurrez aurre Etxarriko aizkolariak. Jokoan zeuden proba guztiak irabazi zituen, bat izan ezik, eta hori Joxemari Olasagastik bereganatu zuen.

Amaieran, punturik gehien batu zituen aizkolari nafarrak, eta saioko irabazlea izan zen. Olasagasti izan zen bigarren. Igeldokoak behetik gora egin zuen, eta amaieran bera izan zen garailea gehien estutu zuena, eta aurrez aipatu bezala, proba bat ere bereganatu ahal izan zuen. Lopez izan zen azken postuan, eta horrek ez zuen probarik irabazi.

Asteburu honetan izango du jarraipena lehiaketa horrek, eta herenegun Zornotzan izan zirenetako bi berriro ere lehian izango dira. Oraingoan Otxandion izango da saioa, eta etzi arratsaldean, 18.00etan jokatuko dute saioa. Bertan, Nazabal, Olasagasti eta Arria V.a neurtuko dira.

Saio hori ere interesgarri agertzen da. Garbi dago Nazabali aurre egitea ia ezinezkoa izango dela, baina bera estutzen saiatuko dira bi aizkolari gipuzkoarrak. Olasagastik proba bat kendu zion herenegun, eta ahaleginduko da hemen ere bakarren bat kentzen.

Arria V.arentzat ere proba horiek oso onak dira, batez ere lehenengoak, abidurako probak. Hor beti irabazten du bakarren bat.

Finlaerdietan, gainera, ez da bakarra izaten, eta bai Olasagasti baita Arria ere ahaleginduko dira puntuak batzen, haiek ere finalaren atarikora joateko itxaropen handia baitute. Beraz, goi mailako aizkora ikusteko parada izango da etzi Otxandioko plazan, Urrezko Aizkorako hiru onenetakoak izango baitira jo eta su.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo