Eako aurtengo Poesia Egunak emakumezkoen literatura du protagonista nagusi
Ean olerkigintzaren inguruko laugarren jardunaldiak izango dira asteburuan. Emakumezkoen literatura izango du ardatz, eta Galiziako, Kataluniako eta Euskal Herriko poetak erakarriko ditu bilerak.
Ianire RENOBALES | BILBO
Poesia Egunari hasiera emateko «Baudelaire: Psikotropikoak eta poesia» izango dute hizpide bihar, 11.30ean. Hizlaria Edorta Jimenez izango da eta Esther Xargayren bideoklipa ikusteko aukera izango da.
Eguerdi aldera, herri-bazkaria egingo dute eta bazkalosteko tertulian «Emakumearen irudia euskal literaturan» jorratuko dute Iratxe Retolazak, Eider Rodriguezek, Uxue Apaolazak, Katixa Agirrek eta Irati Jimenezek. Iluntzean, Beletxen, Gabriel Arestiren oroitarriaren ondoan, Itxaro Bordak Bizkaiko kostaldeari eskainitako poema bat irakurriko du: «Milia lasturkoa on the road».
Lehenengo egun hori amaitzeko, 22.30ean, poesia-irakurraldia egingo dute herriko moilan, «Mundu zabaleko eta denbora luzeko emakumeen poemak» leloarekin. Xabier Mendiguren, Miren Agur Meabe, Leire Bilbao, Maria do Cebreiro, Daniel Salgado, Laia Noguera eta Miren Ibarluzea izango dira irakurleak. Musika izango dute lagun, Jon Pirisen, Iñaki Jaioren eta Mikel Pirisen eskutik.
Etzi «Unibertsoak kontatzen» gaia landuz hasiko dute eguna. Ana Urkiza, Laura Mintegi, Yolanda Arrieta eta Itxaro Borda egongo dira ekitaldian.
Arratsaldean, Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko poeten emanaldia egongo da. Hiru atal izango ditu. Lehenengoan, «Boas Tardes» izenekoan, Maria do Cebreiro eta Daniel Salgado galiziarrek hitz egingo dute. Bigarrenean, «Bona tarda» izenpean, Laia Noguerak, hainbat arte jorratutako poeta katalanak, «Carboncle» izeneko bideopoemak emango ditu. Eta hirugarrenean, «Arratsalde on» saioan, Sonia Gonzalez, Oier Guillan, Txili Lauzirika, Goizalde Landabaso, Beñat Sarasola eta Anjel Erro euskal olerkariek euren lanak irakurriko dituzte.
Erramon Landa margolariak sortu du aurtengo kartela. Grabatu bat egin du. Kobrezko xafla batean irudi abstraktu bat margoztu du, eta lanaren edukian ahalegin poetiko bat suma daiteke.
Poesiari buruzko ekimenak badu beste berritasun bat aurten: bloga sortu dute. Internet erabiliz, informazioa zabaldu nahi dute, ahalik eta jende gehienari helarazteko asmoz.