GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Etxeratzerakoan, zakarrak eraman

Edozein gizakiri zor zaion errespetuarekin kontrajarritako konparazioa lirudike. Baina bada errespetu falta baino okerragorik egungo munduan. Eta ez dut uste gure inguruetako naturgune babestuetan arautegiek derrigortuta, eta beste edozein bazterretan ere gizalegeak eraginda, egin behar izaten dena, hots, bakoitzak eraman edota sortu dituen zakarrak jaso eta etxeratzeko orduan norberak eraman beharra, baino analogia zuzenagorik dagoenik Danimarka Iraken egiten ari den hori irudikatzeko. Eta hein batean, bederen, txalotzeko.

Joan den astean jakin baita Irakeko okupazioan parte hartzeko Danimarkak bidalitako 480 soldaduak etxeratzeko prozesuaren lehen ataletako bat izan dela lau urtez tropa horien laguntzaile (itzultzaile, kontratista, informatzaile, e.a.) izan direnak, nor bere familia hurbilenarekin, 200 irakiar guztira, hartu eta Danimarkara ekartzea. Hegazkinez. Asilo politikoa eska dezaten. Esaten denez, Iraken dauden daniar tropen ekimenez gauzatu den neurri horren mugak, ordea, ez dira makalak: aukeraketa nork eta nola egin duen alde batera utzita, iheslariek ez dute asiloa lortzeko ziurtasunik, Danimarkako Partidu Popularra hasi da kontrako kanpaina egiten...

Egungo okupazio militarren alderantzia gordinki erakusten duen gorabehera horrek, zenbakien joko garratzean murgildu eta konparaketak egiteko aukera eskaintzen du, besteak beste. Danimarkarren kopuruen arabera, tropa okupatzaileen ia erdia izango litzateke haiekin betirako uztartuta geratuko liratekeen bertako laguntzaileak. Egiazko proportzioa, ia alderantzizkoa dela esango nuke... Edonola ere, egun Irak okupatzen dutenak 150 mila baino gehiago direla kontuan hartzen badugu, gero eta hurbilago dagoen etxeratzeko orduan bakoitzak eraman beharko lukeen «zakarra» kalkulatzea nahiko erraza litzateke, aurrekari horren arabera.

Baina Saigongo enbaxadaren sabaitik aireratzen ziren helikopteroetarako sarbidea kulatazoka «errespetarazi» zutenen buruak lehengo lepotik segitzen duela esan daiteke. Ameriketara ihes egin nahi luketen 7.000 irakiarren eskariak jaso dituzte Ameriketako Estatu Batuek, aurten; mila baino gutxiagori eman diete joateko baimena. Erresuma Batuak, zazpiehuni. Daniarren «txukuntasun» eko-inperialistak jarraitzailerik aurkitzen duen ikusteko eguna laster iritsiko da Irak osora. Apustu ezetz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo