GARA > Idatzia > Gutunak

rakel lopez Itoizko Solidarioak

Itoiz edo mendeku gosea

Hogei urteko oposizio tinkoa zigortu nahian edo Itoitz urtegiaren inguruan gobernuek erakutsitako egundainoko jarrera mendekuzkoa izan da.

Beste urtegietan, urpean gelditu ohi dira herriak zutik, eta uda partean kanpaindorreak ikus daitezke. Itoitzen ez zuten bizitza arrasto ñimiñorik ere utzi nahi. Hori dela eta, duela lau urte pasatxo, herri guztiak -Itoizkoa barne- gupidagabe suntsitzeari ekin zioten. Hilobiekin hasi eta etxeekin segituta. Bost axola zitzaien etxeetan gordeta nahiz gotortuta zegoen jendearen bizitza ere. Txakur amorratuen gisa aritu ziren, bai foruzainak, baita enpresa txikitzailearen mertzenarioak ere. Agindu argia zuten: ahalik eta azkarren herriaren defentsan ziharduen jende guztia kanporatzea, kosta ala kosta. Hala ere Itoizko herriaren defentsak erasoari hiru egunez tinko eutsi zion.

Lau urte ondoren, mendekuak segitzen du indarrean: Iruñean, jende gutxien dagoen garaiaren erdian, bihar, Itoizko herriaren defentsa guztiz baketsuan aritutako 19 lagun epaituko dituzte eta 9na hilabeteko kartzela zigorra eskatzen zaie. Horrez gain, nafar Gobernuak 36.000 euroko isuna ezarri nahi die, utzaraztean esku hartutako foruzainen lanordu, otordu eta garagardoak ordaintzeko. Hau baino gauza lotsagabeagorik ba al dago?

Mendeku hau guztia salatzeko eta urtegia gelditzeko bi deialdi daude iragarrita: kalejira bat, gaur, eta bihar elkarretaratzea goizeko 8.30etik aitzina Iruñeko auzitegiaren parean. Nagiak atera eta batu gurekin Itoizko urtegiaren aurkako borrokan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo