GARA > Idatzia > Gutunak

jexux arrizabalaga aramendi

Balentxiren heriotzaren urteurrena

Urte honetan, Balentxi, zure falta nabarmena izan dugu. Zure beharra sentitzen dugunok asko gara, eta era askotakoak gainera, batez ere, borroka desberdinetan gabiltzanak gara: presoak etxera ekartzeko ahaleginetan gabiltzanak; Martuteneko espetxean sartzen dituzten toxikomano horiei laguntzen gabiltzanak; pobreen eta zapalduen aldeko elizaren defentsan gabiltzanak; zuk egin bezala zaharren bizitzari gozotasun pixka bat eman nahirik gabiltzanak. Azken batean, hainbeste maite zenuen herri honen askatasunaren alde gabiltzanak guztiok.

Zure falta sentitzen dugu, zure irribarre ederra ez dugu jadanik entzuten, ez bada gure barneko oroitzapenetan.

Segitzen dugu lanean, segitzen dugu justizia eskatzen, segitzen dugu zapalduen aldeko lanean, baina, zuk utzitako hutsunea betetzen ahalegindu bagara ere, gogorra egin zaigu urtea.

Zure bizitza xaloa eta umila eredugarria izan da solidaritatean sinesten dugunontzako. Bizitza osoa, lanerako eta hausnarketarako zenuen gaitasun handi horrekin, besteei eskaini zenien, marginatu guztiei, zapalduentzako eman zenuen guztia; azkenean, baita zenuen ondasun material bakarra ere.

Gaur egungo jendarte berekoi eta insolidario honen antitesia izan da zure bizitza.

Zuk hutsune handia utzi duzu, guregan, zure hurbilekoengan, hau da, zure familia -bere zentzu zabalean- osatzen genuenongan, eta gogorra egin zaigu zu gabeko urte hau.

Eman zenuen bizitzagatik, egin zenituen lanengatik eredu bilakatu zara bihotz oneko pertsonentzako.

Horregatik guztiagatik etorri gara omen egitera, gogoan zaitugulako, eta aurrera ere gogoan izan nahi zaitugulako.

Saiatu gara eta saiatuko gara zure nahiak betetzen.

Zure ametsak beteko ditugu.

Eskerrik asko eman diguzun gizatasun handi horregatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo