Ixabel Etxeberria Irakaslea
Hau al da bidea?
Sarkozy presidente bihurtu denetik, lanean jarraitzen du jo ta ke oposizioari ahal bezainbeste eremuren kentzeko. Hastapen batean erran zuen lanean hasiko zela bere talde guziarekin, isilduko zela. Baina, egiten duen urrats orori oihartzun medatiko izugarria ematen dio, urrats bakoitzari prentsaurrekoa loturik eta bere irudiaren baikortasun liluragarri batekin. Momentuko prentsak egoerari ez dio mugarik ematen, kritika sinpatikoa eginez, eta Sarkozyren politikari sekulako laguntza segurtatuz.
Ondoko hauteskundeak ditu gogoan presidenteak. Bere gobernua osatu zuelarik, oposizioari lehen kolpea eman zion ezkerreko kabiarzaleetatik zenbait kide bildurik. Baina, hau ez zaio aski eta alderdi sozialistari kolpeak ematen jarraitzen du. Ezkerrak ez daki erreakzionatzen, agintariek kezka handiagoa baitute beren eserlekuak zaintzen eta alderdiko arduradunen arteko gerletan, gizartean dauden arazoak eta beharrak begiratzen baino. Royalen aldeko politikari batzuk bildu dira aterabideen bilatzeko, baina alderdiak jendartetik hain urrun bizi direlarik, oso zaila da estrategia emankorren sortzea. Oso anekdota arrunta agertu da aste honetako berrietan, etorkinez betetako auzo batean gertatutakoa. Baratzekariak saltzen zituen afrikar bat jo dute poliziek, legez kanpoko salmenta egiten zuelako, eta baratzekariak kendu nahi izan dizkiote emazteak protestatzen zuelako. Haurdun zen emaztea atxilotuz eta joz bukatu dute. Anekdota izango da, baina hedabideetara horrelakoak heltzen direlarik pentsa daiteke horrelako kasu gehiago izanen direla. Alta, ez da telebistara horrelakorik ikusten. Hau da bi abiaduretako jendartea martxan. Non kokatzen da alderdi sozialista?
Oso gaizki dabil alderdi sozialista, baina herrietako hauteskundeak ez ditu galdu nahi. Parlamentuko hauteskundeetan sobera behera ez erortzea lortu zuten Fabiusek azken momentuko tramankulua aurkitu baitzuen, alegia, behar zen unean zerga sozialen azkartzearen beldurra piztea lortu, jendearen aitzinean Sarkozyren xarma astindurik eta errealitatera ekarririk.
Sozialistek ez dute amore eman nahi eta bide berriak abiatzen dituzte, abertzaleekin ere. Ez dukete oroimen izpirik, edo inuzentetzat hartzen gaituzte, baina guregana jotzen dute. Datorren kanpainan, herri desberdinetara hitz bera eraman nahi dute, koherentzia dela-eta. Ondorioz, Herrien arteko Elkargo desberdinetan diskurtso bera eraman nahi dute eta Irun bezalako herriekin ere lan egin nahi dute, alderdi sozialistak kudeatzen baitu herria. Abertzaleek zer emaitza dute Irunen? %10? Ez dakite! Hemen agintera heldu nahi dute, baina abertzaletasuna zer den eta zer eragin duen ez dakite! Hemengo abertzaleak ez dira oraindik aski azkarrak alderdi sozialistaren beldurtzeko, baina beharrezkoak dira agintearen lor- tzeko. Beraz, galdetzen dute herriaren kudeaketa nola ikusten dugun. Herriaren berreuskalduntzea? Ez dute denborarik euskararen ikasteko, ingelesaren ikastea gehiagotan eskatzen omen da lan egiteko. Elkarrizketa jarraituko dugu. Elkarrekin Herriko Etxea lor dezakegu. Baina Nafarroan gertatzen dena ikusita, gure herrietan gertatzen dena ikusita, hau al da bidea?