GARA > Idatzia > Herri-kirolak

sega Euskal Herrikoa

LapazaranekBizkaira eraman du txapela oraingoan

Sailetan Ormaetxea izan zen nagusi, baina txapeldunak belarra behetik moztu zuen

p044_f01_199x108.jpg

Jon LEUNDA | OIARTZUN

Gipuzkoarren gainetik burua atera eta txapela jantzi zuen atzo Jon Lapazaranek Pikoketan, Oiartzunen. Lapazaran zen Gipuzkoakoa ez zen segalari bakarra, baina bera izan zen onena, nahiz eta, saioa nola joan zen ikusita, txapelak Orendaingo bidea hartu behar zuela zirudien.

400 ikusle inguru batu ziren atzo Pikoketan, Oiartzunen, Euskal Herriko finala zuzenean ikusteko asmoarekin. Kirolari bakoitzak bederatzi sail zituen, eta ordubete, berriz, segan aritzeko. Belarra handia zen, nahasi samarra, azken egunetako euriaren ostean, eta belardia, berriz, ona, aitzakiarik gabekoa.

Epaileak txistua jo bezain pronto, kirolariak bizi-bizi abiatu ziren lanean. Lehenengo sailean Gabirondo izan zen azkarrena, baina beste hirurek ere gertutik jarraitzen zioten. Goikoetxea, Ormaetxea eta Lapazaran zituen atzetik, hurrenez hurren. Bigarren sailean, ordea, Goikoetxeak aurrea hartu zuen, eta Ormaetxea, Gabirondo eta Lapazaran izan ziren atzetik.

Lehen bi sail horietan Goikoetxeak, atzo arteko txapeldunak, oso indartsu jardun zuen, baina hortik aurrera horrek beherantz egin zuen eta Ormaetxeak gorantz, sekulako erritmoa jarrita.

Behetik mozten

Hirugarrengo sailean Ormaetxea jaun eta jabe izan zen, eta gero eta tarte handiagoa ateratzen zien aurrekoei. Goikoetxea, gabirondo eta Lapazaran, aldiz, nahiko gertu zebiltzan, beren artean ez baitzegoen alderik. Gazteluko biek, beherantz egiten ari ote ziren susmoa zegoen, eta bizkaitarra, berriz, gorantz ari zela ematen zuen. Hori bai, Lapazaran ari zen txukunen belarra mozten, behe-behetik ari zen, baina Ormaetxeak hiru edo lau ilara kentzen zizkien, hiru minutu eta erditik gorako aldea zuen, eta txapelak Orendaingo bidea hartu behar zuela zirudien, baina ez zen hala izan. Ordubeteko lana amaitu zenean, Ormaetxea zortzigarren sailean ari zen, eta beste hirurek, aldiz, zazpigarrena amaitu gabe zuten. Zigorrei dagokienez, Ormaetxeari eta Goikoetxeari 40 kilo kendu zizkieten, 20 Gabirondori, eta 10 Lapazarani.

Zaleek nahiko erantzun ona eman zuten

Gipuzkoan segalaritzak zaletasun handia dauka, baina aurten ez da jende gehiegi batu saioak ikustera. Atzo sarrera itxurosa izan zuten pikoketako belardiek. Ez zen orain dela bi urte Errezilen izan zen sarrera hura izan, baina 400 ikusle inguru izan ziren finala zuzenean ikusten, eta hori ez dago gaizki.

Zigorrek ez zuten amaieran eraginik izan

Lau segalarik izan zituzten atzo zigorrrak. Goikoetxeak eta Ormaetxeak izan zituzten handienak, 40na kilo kendu baitzieten, baina amaierako sailkapenean ez zuten eraginik izan. Zigorrik izan ez balitz ere, amaierako sailkapenean ez zen aldaketarik izango, eta geratu zen moduan geratuko zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo