GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Txapeldunak, bere azkeneko saioa zela iragarri zuen amaieran

J.L. | OIARTZUN

«Txapel hau nire gurasoei eskaini nahi diet, asko sufritu baitute nirekin batera. Hau izan da nire azkeneko saioa. Uste dut uzteko garaia heldu dela», esanez hasi zen hizketan txapeldun berria.

Berri hori eman ostean, zera esan zuen lehiaketari buruz: «Etorri garenean ikusi dugu belarrak kilo asko zituela eta behetik moztu behar zela, nahiz eta besteak baino atzerago geratu. Horixe egin dugu eta ongi atera da», aitortu zuen.

Nahiz eta Ormaetxeak gainerakoei aldea atera zien, bizkaitarrak txapela lortzeko itxaropena ez zuela galdu onartu zuen: «Segan ez du balio aurrena amaitzeak, kiloek balio dute. Egia da berak aldea kendu digula, eta horrek zalantzak pizten dizkigula, baina ez dut itxaropenik galdu», esan zuen.

Irabazi ez arren, Ormaetxea gustura zegoen egindako lanarekin: «Sailetan nagusi izan naiz, baina Lapazaranek belarra ni baino beheragotik moztu du eta irabazi egin dit. Pozten naiz berarengatik», esan zuen. «Ni, berriz, oso gustura aritu naiz. Fisikoki indartsu aurkitu naiz, eta sailetan aurretik joate horrek indarra eman dit, nahiz eta ezin izan dudan irabazi», erantsi zuen.

Gabirondo izan zen hirugarren eta hura ere ez zegoen haserre: «Uste dut lan ona egin dugula. Belar handia zegoen eta ez zen erraza», esan zuen. «Ezustekorik handiena Lapazaranek irabaztea izan da lehiaketa nola joan den ikusita, izan ere, Ormaetxeak sailetan aldea kendu digu, baina berak oso ongi moztuko zuen», erantsi zuen.

Tristeen, berriz, Andoni Goikoetxea agertu zen, atzo arte txapelaren jabe zen segalaria: «Oso ongi hasi naiz, oso gustura aritu naiz hasieran, baina gero betekada moduko bat izan dut, eta libratu ezinik aritu naiz. Amaiera bitarte ezin izan naiz libratu. Segan pisuak erabakitzen du, eta beti eutsi nahi izaten diozu ilusioari, baina amaitu denean banekien irabaztea ia ezinezkoa zela», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo