Irratia.com, sareko euskarazko irrati digitalaren aitzindaria
Sarerako propio sortutako irratien aitzindari, irratia.com-ek euskarak eta teknologia berriek eskaintzen dituzten baliabideak uztartzearen aldeko apustua egin du sortzetik. Egun, blog formatuan aurkezten dute irratia, zuzeneko saioak eta podcasta tartekatuta.
Amalur ARTOLA | DONOSTIA
Geroz eta gehiago dira beren edukiak sarera eraman eta propio bertarako produktuak ekoizten dituzten hedabideak, baina bada alderantzizko bidea jorratu duen komunikabiderik ere. Horien artean, irratia.com-ek egindako ibilbidea da nabarmentzekoa. 2000 urtean sortua, sareko Euskal Herriko lehen irrati digitala izateak Sareko Argia Saria lortzera eraman zituen, euskarazko irratigintza digitala bultzatzen egindako lanagatik. Hedabidearen sortzaileetariko batek, Jabi Zabalak, azaldu duenez, web bidezko irratiak zazpi musika kanal eta zuzenekoak (bertso finalak, Gabriel Arestiri omenaldia edota zapatistekin konexioak aipatu ditu, besteren artean) eskaintzen zituen eta, aldi berean, Hala Bedin «Jalgi Hadi Dantzarat» saioa ere egiten zuten.
Hausnarketa eta etenaldi baten ondoren, 2004an iritsi zen irratia.com eraberritua, eta beste behin sareko joera teknologiko berrien aldeko apustua egin zuen. «Interneten oso azkar agertzen eta garatzen dira aukera eta baliabide berriak. Web estatikoa kendu eta dinamikoarekin hasi ginen; blog baten gisa aurkeztu genuen irratia.com bera eta irratsaio izatera ere pasatu zen», azaldu du.
Hartara, Bilbo Hirian egiten dute uhinen bidezko saioa -orain merezitako atsedenaldia dute- eta, teknologia berriak, gizarte gaiak zein musika, sareko joera eta edukiekin lotura duten edukiei eskaintzen diete tartea: «Sarean isla duten gauzak jorratzen ditugu, joera berriak milaka agertzen direlako bertan. Ez da Interneten gaineko saioa, baizik eta bertan agertzen diren edukiei buruzkoa, betiere txip teknofilo horrekin». Ikastaroak ere eman izan dituzte, esaterako, iragan astean Bilbon 2.0 tailerretan hartu zuten parte, irratigintza eta Interneteko aukera berriez mintzatuta.
Aipatutako saioa zuzenean entzun daiteke irratia.com-en, baita grabazioa ere, hasieratik egiten baitute podcasta -mp3 formatuan, edonork, edonon eta edonoiz entzuteko moduan-. Zabalak aipatu duenez, sareko joera berri horiek izan dute eta izango dute eraginik: «Leku guztietako entzuleak ditugu, ez soilik hemengoak. Singapurretik ere entzuten gaituzte, pentsa! Sarean uhinen mugak gainditu egiten dira; gure mezua munduratzeko bide bat dago hor».