GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lo egiteko betarik gabe apenas, azken orduei probetxu atera nahi diete BECen

 

p014_f02.jpg

Maider EIZMENDI

Ostegunean hasi zen eta gaur itxiko ditu ateak. Bost egunez milaka lagun batu dira Barakaldoko BEC erakustazokan. Askok ez dute ulertzen nola egon daitezkeen horrenbeste ordu ordenagailu parean. Ulertu ala ez, jada 15. aldiz antolatu dute eta gero eta jende gehiago biltzen du.

Barakaldoko erakustazokaren atarian apenas zegoen jenderik atzo goizean, baina ateak gurutzatu bezain laster informatikazaleen «paradisuarekin» egin genuen topo. Kanpora bidean zihoan David Mardones bilbotarra, dendetako orga horietako bat zeraman bultzaka eta, horren barruan, etxetik ekarritako ordenagailua eta gainerako tresneria guztia. Ostegunaz geroztik eta atzo goiza bitartean egon da, beste milaka lagunekin batera, Euskal Encounter bilkura erraldoian. Lagunekin batzeko, ikasteko eta ondo pasatzeko baliatu omen ditu hiru egunak, atzo, ordea, burumakur zihoan etxera. «Bihar lanera joan behar dut eta hiru egunetan apenas lorik egin ez dudanez, ohera sartu eta ordu mordoxka egin behar dut lo». Bost urte darama Mardonesek Euskal Encounter bilkurara bertaratzen eta, atzo etxera kopetilun zihoan arren, hurrengo urtean ez duela hutsik egingo esan zuen.

Informatikazaleak batu diren areto nagusira sartzean, zirrara gorputzean; jendea barra-barra eta ordenagailuak, mota, kolore eta tamaina anitzekoak, han eta hemen. Esana ziguten goiz partean bertaratuz gero, jende askorik ez genuela aurkituko, gehientsuenak gaua ordenagailu parean pasa eta goizeko lehen orduak atseden hartzeko baliatzen zituztela-eta. Bietako bat: gauean goiz erretiratu ziren edota atsedenik gabe ari ziren jo eta ke. Bigarren aukerari heldutakoak ugari, eta horregatik tartean-tartean baziren ordenagailu parean kuluxka bat egiten ari zirenak ere.

Juan Salan gazteak atsedena hartua zuen eta argi ari zen berean, programa, pelikula eta jolasak Internetetik hartzen, alegia. Ez da makala gazte horren kasua, Barakaldora bertaratzeko hartu dituen lanak handiak izan baitira. Galizian bizi da eta Zaragozako adiskide batek proposatu zion Euskal Encounter bil- kuran parte hartzea, beraz, autobusa hartu eta Barakaldora. Eta trasteria hori guztia? «Familia daukat hemen eta Galiziara orain aste batzuk joan zirela-eta, probetxu atera nien eta eurekin bidali nuen ordenagailua eta hemen dagoen tresneria guztia», kontatu du. Programa eta jokoak saretik hartzen aritu da ostegunaz geroztik, baina Internet bidez ezagututako lagunak aurrez aurre ezagutzeko ere aukera paregabea dela esaten du. Hala ere, badaki bere inguruko asko harrituta dituela. «Ez dute ulertzen nola pasa ditzakedan lau egun ordenagailu aurrean, frikye bat naizela esaten dute, baina nire ustez, horiek ordenagailuaren aurrean egoteagatik irten ere egiten ez direnak dira, niri asko gustatzen zait lagunekin kalean egotea, gero etxean ordenagailuan aritzea gustuko badut ere. Hemen ere lagunekin egoteko tarte handia hartu dut», azaldu zuen. Gainerakoan, erosotasunik ez zitzaien falta, jatekorik, batez ere.

Gosea pasatzeko asmorik ez

Metro gutxira, Ixone Ruiz de Gauna gasteiztarra ere lagunari zuku bat eskaintzen ari zitzaion, baina mahai azpian utzita zeukan izozkailuan zukua ez ezik, freskagarriak eta jatekoak ere bazituzten, tartean urdaiazpiko ederra ere bai. Aldamenean, berriz, ogitartekoak egiteko ogia, baita gozozaleagoentzako opilak ere. Gosea pasatzeko asmorik ez dute, behintzat, gazteok. Irribarrez esaten zuen berak informatikaz ezer gutxi dakiela. Eskerrak, ordenagailuez horrenbeste dakiten milaka lagunek inguratuta, bati tonto konplexua ere sartzen baitzaio.

Orduan, zergatik Euskal Encounterrera? «Koadrilan etorri gara, guztira hamaika lagun. Niri ere etortzeko esan zidaten, primeran pasatuko nuela eta, egia esan, ez zitzaien arrazoirik falta, hemen jende asko ezagutu dut eta marrazki, telesail eta film asko `jaitsi' ditut; artxibo lana egin dut», azaldu zuen. Lagunak egin, asko, baina lo gutxi, oso gutxi. «Eskerrak nik lo ordu askoren beharrik ez dudala, baina hemen badira datorren astea lotan pasatuko dutenak. Gaur (atzokoagatik) esaterako, 6.30ean oheratu naiz eta 10.00etan jaikita nengoen».

Areto handian bueltaxka ematen hasi eta dozenaka irudi bitxi topa daitezke baina, hala eta guztiz ere, David Salvador madrildar gazteak arreta bereganatzen zuen. Aulkiaren ondoan zer, eta ospitaleetan seruma eramateko baliatzen diren tramankulu horietako bat, bi poltsa zintzilika zituela: batean ura eta bestean freskagarri bat, ahora eraman eta edan ahal izateko bi ziritxorekin. «Hemen ezin da astirik galdu ezta komunera joateko ere», esan zuen barrezka. Txantxetan ari zen, baina bertatik asko mugitu gabe egoteko itxura zuen. Ostegunean iritsi zen Barakaldora eta gaur, arratsaldeko bostak jo eta jasotzeko agindua eman bitartean egoteko asmoa agertu zuen. Sei bat lagun etorri dira Madrildik eta inguruan zuten tresneria mordoa bertaratzeko sei autotan etorri behar izan dute. Lehenengo aldiz parte hartu du gisa honetako bilkura batean eta, itxuraren arabera, errepikatuko du.

Jada, halako makina batean parte hartua da Asier Bazaga itsasondoarra. Horrek ere arreta bereganatzen zuen, pantaila gisa 32 hazbeteko telebista bat baliatu baitu bilkuran. «Lehenengoz erabili dut eta, egia esan, primerakoa da».

Lagun asko egiten dituzte halako bilkuretan, baina berak nahiago omen ditu tamainaz txikiagoak direnak, «jendearen arteko harremanak zuzenagoak baitira». Internet konexioaren abiadura «izugarria» dela zioen eta horrela barne sarean topatzen oso zailak diren telesail eta filmak hartzen omen ditu. «Lehenengoz horrelako bilkura batera etortzean jaitsi eta jaitsi aritzen zara; orain selektiboagoa naiz eta nekez aurki daitezkeen materialen bila aritzen naiz, batez ere. Era berean, arte digitalean interes handia dut eta horretan ere aritzen naiz».

Interes bat edo bestea, lo egin edo ez... jendea gustora zegoen, musikazaleak talderik onenak batzen dituen kontzertu batean bezalaxe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo