GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Bermeoko «ittoginak» Izaroraino iristen direla irudikatu zuten berriz

 

p017_f01_199x104.jpg

Beñat ZARRABEITIA

Uztailaren 22a egun berezia da Bermeo eta Elantxoberentzat. Atzo, urtero bezala, Bermeoko alkateak Izaro uhartea eurena dela berretsi zuen, teila itsasora botata. Itsas eta jai giroak, urdin koloreak eta aldarrikapenak bat egin zuten kostaldeko eguerdi eguzkitsuan.

Bermeora heldu bezain laster, itsas giroa, jai giroa eta Euskal Herria normaltasunik gabeko herria dela ikus zitekeen. Bestela, nola azaldu Madalen jaiak ezagutzera etorritako atzerritar bati, 1.400 boto izanda udalean zinegotzirik ez izatea. Ezker abertzaleko hautetsi eta militanteek horixe bera salatu zuten udal taldeak portura bidean eginiko erromesaldian.

Goizeko 12.00etan zen hitzordua Ortube Bermio itsasontzian. Ordu horretan hartu baitzuen, beste urte batez, Elantxoberako bidea. Kasu honetan berrikuntza nabarmena zegoen, Bermeok alkate berria baitu. Izan ere, hainbat urteren ondoren, Juan Carlos Goienetxeak kargua utzi eta Xabier Legarreta jeltzaleak hartu du bere tokia. Itsasontzian geundela, GARAri eginiko adierazpenetan, Legarretak teila uretara botatzea «emozio eta ilusio handiekin» hartzen zuela nabarmendu zuen. Hala ere, egoerak «ardura» handia eskatzen ziola aitortu zuen.

Bermeotik abiatu eta ordu erdi ingurura, eta kultura zein kirol zinegotziek Izaro gainean Bermeoko bandera eta ikurrina ipini ostean, Legarretak teila botatzeko ardura hartu zuen. Bere aldamenean Gasteizko parlamentuko presidentea, Izaskun Bilbao, eta EAE-ANVko zinegotziak euren karguak eskatuz. Azkenik, eta inguruan zeuden tankera guztietako ontziak aldendu ondoren, teila uretara joan zen. Jaurtiketa sinboliko horrekin, Bermeoko alkateak bere herriko «ittoginak» noraino heltzen diren irudikatzen du.

Memento horretatik aurrera poztasunak eztanda egin zuen, baita suziri batek baino gehiagok, Ortube Bermio itsasontzian. Bertan zeudenek, gainera, ardoa, txakolia eta hegaluzea dastatzeko aukera izan zuten.

Gainera, algarak gora egin zuen, irrati bidez Plentziako estropada entzuten ari zirenek Bou Bizkaiaren garaipenaren berri ematerakoan. Egunak jada erabateko urdin kolorea distiratsua hartu zuen, itsasoarena, kasik partaide guztiek zeramaten arrantzale erako alkondara zein gonena eta Urdaibaiko traineruarena.

Lagako hondartza pasatu ondoren, Elantxobeko kaia begi-bistan zegoen. Lehorreratzea hurbil zen.

Txistuak alkateentzat

Apurka-apurka Ortube Bermion geundenak, motordun txalupa baten laguntzarekin, Elantxobeko kaira ailegatzen joan ginen. Bertan, hainbat ontzik eta euskal preso politikoak euskal herrira ekartzea eskatzen zuen elkarretaratze batek agurtu gintuen. Hala ere, denok ez genuen ongi etorri bera topatu. Izan ere, Bermeoko, Mundakako eta Elantxobeko alkateek, euren Udalbatzek zein Izaskun Bilbaok txistuak eta «lapurrak» bezalako oihuak entzun behar izan zituzten. Aldi berean, Elantxobeko alkate Amaia Eigurenek, Xabier Legarretari makila eman zion.

Lehorrean ez zen jende pilaketarik sumatzen. Guztiz kontrakoa, kasik ez zegoen inor. Iaz suertatu bezala, herriraino autoz sartzeko zailtasunak, kontrolek eta txosnarik ez egoteak, jende asko uxatu zuen. Hala ere, elantxobetar askok zioen moduan: «Horrela hobeto». Denon gogoan baitaude Madalen jaiak «kalimotxoaren festa» izenez saltzen zireneko urteak. Hala ere, aurrekoan gertatu bezala, lagun koadrila bat baino gehiago Ibarrangelutik Elantxobera doan bidean geratuta zeuden, euren festa `partikularra' egiten.

Elantxobek ezaugarri berezi bat badu eta hori herriak dituen aldapa pikoak dira. Bertan, batek baino gehiagok uste izan zuen azken hauspoaren atarian zegoela. Frantziako Tourreko etapa baten moduan, indar gutxien zutenak, ahulenak tropelaren atzealdean gelditzen joan ziren. Azkenik, guztiek Elantxobeko frontoian zegoen helmuga aurkitu zuten. Bertan, dantzariek giroa are gehiago berotu ondoren, nahi zuen oro irten zen dantzatzera bazkaltzera joan aurretik.

Arratsaldean, beste herri batek, Mundakak, izan zuen Madalen jaietako giroaz gozatzeko aukera. Gogoratu beharra dago, kondairak esaten duenaren arabera, Izaro uhartea lortzeko Bermeok eta Elantxobek eginiko estropadan Mundaka epaile izan zela. Beraz, Mundaka ere jaiaren parte da. Mundakako kaleetatik pasatu ostean, eta festan bete-betean sartuta utzi ondoren, Bermeorako itzulera 19.30ak aldera egin zuten. Orduan, Bermeotarrak fanfarreak, aurreskuei eta Lamera parkeraino joan zen kalejirari bide eman zion.

Gauean Bermeora gerturatu zirenek, Zahil eta Kerobia musika taldeen musikaz gozatzeko aukera izan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo